2016-02-08 11:49:29
MUNDUKO TXAPELKETAN IZANGO DA BI ASTE BARRU EUSKAL SELEKZIOAZ
Ione Elorza oñatiarra, Euskadiko sokatira txapeldun
Gasteizko Badaiotz taldea Euskadiko goma gaineko sokatira txapeldun berria da emakumezkoen artean. Duela aste batzuk 540 kilotako modalitatean lortu zuen balentria eta pasa berri den asteburuan, 500 kilokoan eskuratu dute txapela arabarrek. Lau urte taldetik kanpo egon ostean Ione Elorza oñatiarra, gorenera itzuli da.
Duela 25 urte hasi zen Ione Elorza oñatiarra Gasteizeko Badaiotz taldearekin sokatiran lehiatzen. Euskal Herrian ez ezik, mundu mailan hainbat errekonozimendu lortutakoa da Elorza talde arabarrarekin eta lau urte kirol honetatik aldenduta egon ostean, berriz ere gorenera itzuli da txantxikuarra.
Taldea utzita zuten hainbat ordezkari itzuli omen dira berriz ere aurtengoan eta esperientzia eta gazteasunaren nahasketak, fruituak eman berri ditu. Talde oso sendoa osatu du Badaiotzek eta 500 eta 540 kiloko modalitateetan, Euskadiko txapela jantzi dute Gasteiztarrek.
Txapelketa oso lehiatuak
Aurtengoa, azken urteetako txapelketarik gogorrena izan omen da. Bizkaiko Gaztedi taldea aurkari oso sendoa izan baita Badaiotzentzat. 2015urtean, munduko txapeldun izan ziren bizkaitarrak lur gaienko sokatiran Ameriketako Estatu Batuetan eta oso maila onean dabiltza azkenaldian.
Lehen txapelketa urtarrilean zehar jokatu zen. 540 kilotakoa izan zen eta Laukiz, Zeberio eta Bermeon aritu ondoren, txapela berdinketa hausteko lehian erabaki zen. Tiraldi luze eta gogor baten ondoren, Badaiotz taldeak irabazi zuen Euskadiko txapela.
Urtarrilak 23an 500 kiloko txapelketa ekin zuten sokatiralariek Ibarran. Lehen jardunaldia Laukizeko Gaztedik irabazi zuen. Berriozarren jokatu zen bigarren tiraldia berriz, oso parekatuta joan zen eta berdinketan amaitu zen. Larunbatean, Idiazabalen jokatu zen azken saioa eta Badoiotzek tiraldi denak irabazi behar zituen, txapela eskuratu nahi izatera.
Hori horrela, emozio handiko tiraldien ondoren, berdinketa hausteko lehia erabakiorrera heltzea lortu zuten arabarrek. Azken tiraldian, nagusi izan ziren berriz ere eta 500 kilotako Euskadiko txapela lortu zuten. Azken hile eta erdian beraz, bi modalitateetako txapelketa irabazi du Ione Elorzak talde gasteiztarrarekin.
Munduko txapelketara
Euskadiko txapelketak amaituta, bi aste barru Volendamen (Holanda) jokatuko diren munduko txapelketa gogor prestatzen ari da Elorza. Euskal Selekzioa, selekzio ofizial bezala lehiatuko da munduko txapelketan (TWIFak -mundu mailako sokatitako ordezkaritzak- onartuta) eta txantxikuarra selekzioko kideetako bat izango da.
Mundu mailako txapelketetan eskarmentu handia duen kirolaria da Elorza Oñatiarra. Besteak beste, 2012an munduko txapeldun izan baitzen Eskozian Badaiotz taldearekin. Eta aurretik beste hainbat domina ere eskuratutakoa da 2000ko hamarkada hasieran.
No hay comentarios:
Publicar un comentario