Aurtengo taldeak eta 50. urteurreneko ekintzak aurkeztu ditu Aloñak
2016-02-21 10:45 KIROLA OÑATI
Aloña Mendiren txirrindularitza sailak 24 txirrindulari izango ditu aurten errepidean, lau kategoriatan banatuta. Urte berezia da aurtengoa, gainera, 50 urte beteko baititu sailak; hori dela-eta, askotarikoak antolatuko dituzte: besteak beste, Oñatin egingo da apirilaren 24an junior mailako Euskal Herriko lasterketarik garrantzitsuena, Gipuzkoa Klasikoa.
Alebinetan bost, infantiletan zazpi, kadeteetan bost eta gazte mailan zazpi txirrindulari izango ditu aurten Aloña Mendik –neska bakarra–. Ulma eta Bizipoz kafetegia izango dira babesleak.
Horrez gain, herriko bi txirrindularik kanpoko taldeetan jardungo dute denboraldi honetan: Julen Umerezek Ampon, afizionatuetan, eta Garazi Erostarbek nesken Caja Rural-Bidebide taldean. Badira, baita ere, Oñatin ariko diren kanpokoak –gertukoak, bailarakoak–, biak gazte mailako taldean: Mikel Arregi antzuolarra eta Gurutz Axpe bergararra.
Aloña Mendik aurten antolatuko dituen lasterketak, berriz, hauek izango dira:
- Martxoaren 19an: eskolartekoa
- Apirilaren 24an: Gipuzkoa Klasikoa, gazte mailakoa
- Maiatzaren 7an: eskolarteko Gipuzkoako Txapelketa
- Ekainaren 4an: Arantzazuko Igoera, gazte mailakoa
- Ekainaren 12an: Olakua proba, kadeteena
- Irailaren 10ean: San Migel proba, gazte mailakoa
- Irailaren 17an: Oñati Saria, afizionatuentzat
Arantzazuko Igoerari dagokionez, iragarri dute aurtengoa izango dela igoera soil modura –9 kilometro– egingo den azken edizioa.
50. urteurrena dela-eta, baina, ezohiko beste hainbat ekintza ere antolatuko dituzte aurten Aloñaren txirrindularitza sailekoek. Honela, zikloturistentzako Arantzazuko Igoera ere egingo dute ekainaren 4an. Erakusketa, tertuliak eta hitzaldiak eta bazkari herrikoi bat –urteotan sailean ibili diren denentzat– ere egingo dituzte, eta liburu bat prestatzen ere ari dira, udazkenean argitaratuko dutena.
Udaletxean egindako urtemugako ospakizunen aurkezpen ekitaldian, aretoa jendez beteta zela, Gipuzkoako Federazioko ordezkariak plaka bat eman zion Aloña Mendiri, 50 urteengatik. Aloña Mendiko presidente Anton Inzak, Udaleko Kirol batzordeko buru Borja Moiuak eta urteetan Oñatiko txirrindularitza babesten ari den Ulmako ordezkari batek ere hartu zuten hitza ekitaldian.
No hay comentarios:
Publicar un comentario