EMAKUMEEI BIDERATUTAKO DIRU LAGUNTZAK ONARTU DITUZTE.
Irati Goitia
2014-03-10 13:25
Oñati
Oñatiko Udalak otsaileko osoko bilkuran aho batez
onartu zuen honakoa: bizikidetza unitatea hautsita eta errenta eta
sarrera urriak izanik familia kargak dituzten emakumeei diru laguntzak
ematea. Horretaz gain, emakumearen aurkako biolentziari buruzko gida bat
ere argitaratu dute.
|
Egubakoitzean egin zuten prentsa-aurrekoan eman zituzten egitasmoaren xehetasunak.
|
"Krisiak eta pobreziak denoi eragiten digun arren, denongan ez ditu
ondorio berak. Izan ere, azken urteetako datuek argi utzi dute
emakumeengan askoz ere eragin handiagoa duela", adierazi du Maialen
Urzelai, Berdintasun batzordeburuak. Horretaz gain, gaineratu du
emakumeen langabezia tasa gizonena baino altuagoa dela. Zehazki,
Emakundek emandako datuen arabera, pobrezia arriskuan dauden pertsonen
%80 emakumezkoak dira. Bestalde, enpleguaren suntsiketak emakumeari
gehiago eragin diela ere badio Urzelaik, "gauzak horrela, hainbat
kasutan emakumeen menpekotasun ekonomikoa sortzen da".
Menpekotasun ekonomikoa
Menpekotasun hori saihestu nahi da diru laguntza hauekin. Kasu
zehatzak ere aipatzen ditu Urzelaik: "Arazoak areagotu egiten dira
banaketenik. Izan ere, hilabeteak pasatzen dira banantze eskaria egiten
denetik tramite guztiak egin arte. Ohikoa izaten da hiru hilabetean
gurasoak neurri judizial baten menpe ez egotea". Era berean,
alargun-pentsioa onartu arte alarguna babes ekonomikorik gabe gelditu
daiteke denbora batez. Ahal den heinean, egoera horiek arindu eta
bazterkeria-arriskua saihesteko asmoz sortu dira laguntza hauek. Neurria
diskriminazio positibo bezala ulertu behar dela dio.
Eskariak egiteko
Eskariak Berdintasun Sailean tramitatu beharko dira (Bidebarrieta
12). Eskaria egiteko inprimaki ofiziala bulego horietan eskuratu ahal
izango da. Onuradunen kasuak banan-banan aztertuko dira. Emandako dirua
eguneroko gastu arruntak ordaintzen laguntzeko erabiliko da. Nolanahi
ere, eskatzaileek betebehar batzuk ere onartu beharko dituzte, besteak
beste: gizarte zerbitzuetako teknikariekin batera autonomia eta
ahalduntze prozesuari heltzeko plan bat adostea berarentzat eta
familiarentzat.
Gida eta sexologia aholkularitza
Egubakoitzean egin zuten prentsa-aurrekoan eman zituzten diru
languntzen inguruko xehetasun guztiak. Emakumearen aurkako biolentziari
buruzko gida bat ere kalertau du Udalak eta hori ere aurkeztu zuten.
Bestalde, sexologia aholkularitza zerbitzua ere inauguratu zuten.
Egubakoitzero eskainiko da zerbitzu hori 17:30etatik 19:30etara.
No hay comentarios:
Publicar un comentario