Urtarrila eta otsailean Arrikrutz-ko koba
bisitatzeko aukera dago aurrez erreserba
eginda
2016/01/12
Harrera etxea itxita dago
Arrikrutz-ko koba urtarrila eta otsailean itxita dagoen arren badago bisitatzeko aukerarik, astean zehar taldeentzako erreserbak hartzen baitira eta aste bukaeratan bisita gidatuak egiteko aukera eskaintzen baita. Baina batera edo bestera, aurrez erreserba egitea ezinbestekoa da. Erreserbak, Arrikruzko ohiko telefonoan hartzen dira: 943082000 zenbakian alegia, eta baita Turismo Bulegoan ere.
Azken bi urteetan bezala aurten ere Arrikrutz-ko harrera etxea itxita dago urtarrila eta otsailean. Esperientziak erakutsi baitu urteko lehen hilabeteetan asko jaisten dela bisitari kopurua. Horrek esanahi du, kobako langileak ez daudela bertan nor etorriko zain. Baina aurrez interesa duen bisitaririk badago eta beti ere erreserba egiten badu, bisita gidatuak egin-egiten dira. Astean zehar, taldeentzako erreserbak hartzen dira. Taldeak, gutxienez, 15 lagunekoak izan behar dute. Zapatu eta domeketan berriz, banakakoak hartzen dira eta erreserba egin duten guztiak talde batean biltzen dira. Hala, aurreko bi asteburutan hainbat bisita egin dira, eta astean zehar ere, eskola taldeak izan dira Arrikrutzen. Baina beti ere, aurrez erreserba eginda. Jakin badakigu gainera, ondorengo egun eta astetarako ere, hainbat ikastetxek bisita bereziak hitzartu dituztela, gelan ikasitakoa bertatik bertara ikusi ahal izateko.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario