2016-01-18 15:38:26
ATZO GOIZEAN JOKATU ZEN LASTERKETA EIBARREN
Sergio Garcia bigarren Bolunburu krosean
Bolunburu kros mitikoak, bere LXVI. ekitaldia bete zuen atzo goizean. Eibarreko herriak Gipuzkoako korrikalari ugari hartu zituen beste urtebetez, eta gizonezkoen absoluto mailako lasterketan, Aloña Mendiko ordezkariek lan dotorea egin zuten. Sergio Garciaren bigarren postua izan zen eguneko emaitzarik esanguratsuena.
Aloña Mendiko atletak oso maila ona eskaini zuten atzo, Eibarreko Bolunburu krosean. Absoluto mailako lasterketan hiru gizon sartu baitzituzten lehen hamabost postuetan. Sergio Garcia izan zen gure ordezkarien artean onena. Garciak lasterketa bikaina osatu zuen eta uneoro garaipenerako lehian izan zen Ander Sagarzazu Goierri taldeko korrikalariarekin batera.
Azkenean baina, Sagarzazuk txantxikuarrak baino abiadura puntu bat gehiago erakutsi zuen eta hamabi segunduko aldea atera zion Aloña Mendiko korrikalariari. Sagarzazuk 27:50 osatu zuen ibilbidea eta Sergio Garciak 28:02 behar izan zuen helmuga zeharkatzeko. Podiumeko hirugarren postua, Alexander Oyarbide (28:37) Txindoki taldeko korrikalariak eskuratu zuen.
Tasio Gomez eta Xabier Luis taldekideek ere, lan txukuna egin zuten. Gomez bederatzigarrena izan zen (29:46) eta Luis berriz, hamalaugarrena (30:36). Azken hau, aurten hasi da krosean eta Aloña Mendik denboraldi honetarako duen aurpegi berrietako bat izango da. Taldearen helburua Euskal Herriko txapelketa irabazi eta Espainiakoan iazko papera hobetzea izango da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario