"Gure lanpostu eta eskubideen defentsan" lemapean arratsaldean elkarretaratzea egingo dute kale garbitzaileek
2016/01/14
Kale garbitzaileen protesta (Iturria: Diario Vasco) |
ELA sindikatuak elkartasuna adieraztera deitu ditu herritarrak
FCC enpresan diharduten kale garbitzaileek beren lanpostuen defentsan mobilizazioak hasi dituzte. Zerbitzua berreskuratuta Udalak iragarri duen lan eskaintza publikoaren ondorioz kalean geratuko direla salatzen dute. FCCko garbitzaileek bizi duten egoera eta ezinegonaren berri kalean jarri diren informazio orri eta pankarten bidez eman da orain arte. Gaur arratsalderako berriz, elkarretaratzea deitu dute plazan eta herritarrak bertaratu daitezen gonbidapen publikoa egin dute.
Gogoratu, FCCko langile diren 9 kale garbitzailek ELA sindikatuaren bitartez eman zutela abendu akaberan beren egoeraren berri. Kale garbitzaile lanetan urteak daramatzatela azaldu dute, zenbaitek 15, 17 edo 23 urte ere bai. Lanean esperientzia duten arren, oposizio lehiaketa publiko bat gainditzea zaila ikusten dute bazuk, oinarrizko ikasketak ere ez zituztelako amaitu. Horretxegatik, egun zerbitzuan dauden langileen eta dituzten lan baldintzen subrogazioaren alde agertu da ELA sindikatua. Administrazio publikoan ordea, halako zuzeneko kontratazioa ezinezkoa dela adierazi zigun Mikel Biainek. Udala, kale garbiketa zerbitzua berreskuratuta, legez enplegu deialdi publiko bat egitera behartuta dagoela esan zuen alkateak.
Egun FCC enpresaren bidez ematen den kale garbiketa zerbitzua Udalaren eskura bueltatuko da urritik aurrera. Horretarako, dagokion pertsonal gastua jaso da 2016koudal aurrekontuetan eta aurtengo lan eskaintza publikoan ere, 10 kale garbitzaile kontratatzea aurre ikusi da. ELA sindikatua, deialdi ireki horren kontra agertu da eta egungo langileak kontratatu daitezen eskatzen du. Horren aldeko elkarretaratzea egingo da gaur arratsaldean, 18.30tan plazan.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario