2016-01-08 10:04:34
BASAURI LIDERRA HARTUKO DU BIHAR (18:00) ZUBIKOA KIROLDEGIAN
Jon Irizar: «Mahai gainean kolpea jotzeko aukera bikaina daukagu»
Gabonetako geldialdiaren ostean, bihar bertan berrabiaraziko da gizonezkoen Euskal ligako txapelketa. Lehen itzuliko azken jardunaldia izango da eta asteburuko partidarik interesgarriena, Zubikoa Kiroldegian (18:00) jokatuko da. Hirugarren postuan dagoen Izarraitz Aloña Mendik, Basauri liderra hartuko du urteko lehen norgehiagokan. Talde bizkaitarra mendean hartuz gero, oñatiarrek lidertzan amaitu dezakete jardunaldia denboraldi hasierako pronostiko guztiak hankaz gora jarrita.
Izarraitz Aloña Mendiko jokalariek ez dute mugarik. Kategorian talde berria izan arren, sekulako denboraldi puska burutzen ari dira eta lehen itzulia amaitzeko jardunaldi bakarra falta denean, Basauri liderra eta Ford Mugarri Arrasaterekin berdinduta daude sailkapen orokorrean.
Eta oraindik, «garaipen gosez» daudela jakinarazi zuen atzo Jon Irizar jokalariak, Oñati Irratian eskaini zuen elkarrizketa batean. «Sailkapenak ez digu horrenbeste ardura. Taldea oso dinamika onean dago eta asko gozatzen dugu partida zein lan saioetan». Gabonetan hiru astez txapelketarik gabe egon badira ere, taldeak gogor entrenatu duela jakinarazi zuen Irizarrek: «Azken asteetan arlo fisikoa gogor landu dugu geneukan joku erritmoa ez galtzeko eta aste honetan, baloia sartu dugu sistemak eta bestelakoak lantzeko».
Zigortuta
Irizarrek ezin izango du jokatu biharko partiduan. Hutsune oso garrantzitsua izango da Aranbururen taldearentzat izan ere, defentsa lanean, taldeak daukan jokalari garrantzitsuenetariko bat baita. «Pena handia ematen dit partida galtzeak, baina ligako azken neurketan txartel gorria ikusi nuen eta horren ondorioz, ezin izango dut bihar kantxa gainean egon» zioen. Hala ere, taldean jokalari guztiak oso garrantzitsuak direla, eta bere hutsunea ondo betetzeko baliabideak dituztela argi utzi nahi izan zuen.
Honenbestez, Zubikoako harmailako zaletu bat gehiago izango da biharko egunean Irizar. «Harmailatik ikusiko dut partidua. Oso urduri egongo naiz eta nahiago dut kantxatik kanpo egotea». Basauri taldeak ez du partida bakar bat ere galdu -9 garaipen eta 3 berdinketa- eta biharkoa, oso partida zaila izango dela onartu zuen: «Oso aurkari gogorra da. Hala ere iruditzen zait guk ez daukagula ezer galtzeko. Gure zaleen aurrean jokatzen dugu, ondo gaude eta irabaziz gero lider jarri gaitezke. Aukera bikaina da mahai gainean kolpea jotzeko» zioen.
Urte hasiera zaila etxean
Orain arte gauzak oso ondo joan dira eta bide horretan jarraitzeko ahaleginak egingo dituztela esan zuen Irizarrek baina datozen jardunaldiak oso konplexuak izango direla aurreratu zuen: «Hurrengo bi hilabeteetan sailkapeneko lehen bost postuetan dauden aurkariak hartuko ditugu Zubikoan eta partida hauek markatuko dute gure etorkizuna. Orain arte dena oso ondo joan zaigu, baina momentu gogorrak etorriko dira eta horiei aurre egiteko prestatu beharra daukagu».
Zaleei eskerrak eman eta orain arte bezala, taldea aupatzen jarraitzeko eskaera egin zuen Irizarrek. Oilarren arteko borroka ekarriko du beraz, urteko lehen jardunaldiak Zubikoako kantxa berora. Gozatu dezagun opariarekin.
Hemen daukazue Jon Irizarrek, Oñati Irratian atzo eskaini zuen elkarrizketa osoa entzungai:
No hay comentarios:
Publicar un comentario