jueves, 28 de enero de 2016

Miren Josune Bikuña


OK MAGAZINEA

2016-01-28 08:33:43
ASTEARTEAN JASO ZUEN KIROLPROBAK LIGAKO TXAPELA DONOSTIAN
Miren Josune Bikuña: «Erronka berriak behar ditut»
2015 urteko emakumezkorik erregularrena izan da Kirolprobak ligan. Hori da hain zuzen ere, pasaden astearte arratsaldean Abixaran taldeko Miren Josune Bikuña korrikalari oñatiarrari aitortu ziotena. Donostiako Aquariumean eginiko sari banaketa ekitaldian, eguneko protagonista nagusietako bat izan zen txantxikuarra eta saria eskuetan zuela, Oñati Irratitik pasa zen atzo eguerdian. 2016an erronka berriak bilatu nahi dituela jakinarazi zuen.

«Harrituta eta pixka bat lotsatuta ere banago. Azken egunetan leku guztietan agertzen ari naiz eta egia esan ez dakit hainbesterako izan den» zioen atzo Miren Josune Bikuña korrikalariak Oñati Irratian. Tropeleko emakumezkorik onena den edo ez jakitea oso zaila da, baina horrelako liga txapelketa batek erregulartasuna saritzen du eta horretan, ez dago zalantzarik. Oñatiarra tematia da eta horrek ere saria merezi du. «Urte guztian 25-30 lasterketa inguru egin ditut eta guztietan oso zorrotza izan naiz nire buruarekin» zioen.

Urteko momentuak errepasatzen hasita, ligako azken proba ekarri zuen gogora Bikuñak: «Orioko herri lasterketan egin nuen urteko probarik onena. Liga irabazita nuen eta presio gabe irten izanak edo asko lagundu zidan. Inoizko markarik onena egin nuen». Hala ere, urte guztia ez omen da ona izan Abixaran taldeko korrikalariarentzat eta momentu zailak bizi izan dituela ere adierazi zuen: «Uda ostean oso sentsazio txarrekin ibili nintzen. Ez nuen nire sasoia topatzen eta oso gogorra egin zitzaidan egoera horri buelta ematea».

Erronka berriak

Abixaran taldeko korrikalariak erronka berriak jarri nahi dizkio bere buruari aurten eta lasterketa herrikoiak egitetik, duatloi eta triatloien mundura salto egingo du. «Erronka berriak behar ditut. Ez dut esango korrika egiten nekatu egin naizenik baina korrika soilik ibiltzea gogorra da. Horregatik, aurten, duatloi eta triatloiak egitera pasako naiz» zioen.

Helburua ikastea eta ahal den heinean gozatzen jarraitzea izango da. Orain arte izan duen ilusio eta sakrifizio maila mantentzen badu, aurrean jartzen zaizkion erronka guztiak gainditzeko ahalmena dauka Bikuñak.

Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:


Bikuña Donostian, Kirolprobak ligako txapelarekin

No hay comentarios:

Publicar un comentario