Finantzaketa arazoak direla-eta, Cegasak konkurtso
legearen aurrekora joko duela jakinarazi die gaur Euskal Herrian dituen
lantegieen ordezkariei, eta prentsa oharra bidali du zuzendaritzak
horren berri ematen.
Cegasak asko dibertsifikatu du bere jarduera azken urteetan; negozio tradizionala pilak ziren (Tximist pila ezagunak), baina, denborarekin, errentagarritasuna galtzen joan zen negozio hori eta beste batzuei ekin zien Cegasak. Gaur egun, energia-almazenamendua –bateriak–, logistika –batez ere Cega negozioarekin– eta etxetresna txikia –Solac marka– dira beste negozio batzuk. Energia-soluzioak ematen ditu ere Cegasak hainbat alorretan; besteak beste, errepideetako argi-seinaleak egiten ditu. Dena dela, kontsumo-krisiak gogor eragin diola onartzen du enpresak, irabaziak murriztuz.
Taldea zatitu
Komunikabideetan agertu da Gasteizen batzarra egin zela zuzendaritzaren eta ordezkari sindikalen artean; baina ordezkari sindikal batzuek gaur, egubakoitza, jakin dute aurre-lehiaketaren berri, eta gaur goizean oraindik "informazioa batzen" zebiltzan. Iturri horien arabera, talde baten –Cegasa Internacional– zati izateak eta hainbeste negozio desberdin izateak Cegasaren egoera baldintzatu du: "Produktu batzuk errentagarriak dira eta beste batzuk, ez". Zeharkako eskulanaren gaineko EREan dago Cegasa. Dena dela, iturri sindikalen arabera, Oñatin egiten den negozioa –manganesoa ekoiztea– "ondo" doa eta Oñatiko planta lanean dago. Azken hilabeteotan "prozesu" baten egon da Cegasa, eta langileak zuzendaritzaren erabakiaren zain zeuden, enpresaren egoera ona ez zela jakinda. Iturri sindikalek hau gaineratzen dute: "Beste bilera baten, esan ziguten enpresa egoera larrian zegoela; eta orain, aurre-lehiaketan, ikusi beharko da bideragarritasun planen bat dagoen".Zuzendaritzaren joera edo aukera taldea banatzea izango litzateke, errentagarriak diren zatiei eutsiz eta gainerakoendako beste irtenbide bat bilatuz; baina, ordezkari sindikalen arabera, "banatzea oso zaila da, talde handia delako eta langile asko daudelako; prozesua luzea izango da".
Pilen krisia
Ez da Cegasak duen lehen krisia. 2008 eta 2011 urteetan enpleguaren erregulazio eskaerak egin zituen. Prozesu horien ondorioz, Cegasaren produktu historikoa, pilak, egiteari utzi zion Arabako hiriburuan.Enpresa historikoa da Cegasa –Celaya, Emparanza y Galdos, sortzaileen abizenak; Juan Zelaia Letamendi Upain da horietako bat–, eta 1934. urtean sortu zen Oñatin. 30 urte geroago, 1964. urtean, egoitza nagusia Gasteizera lekualdatu zuen. Gaur egun, lantegi bat du Oñatin eta hiru Gasteizen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario