jueves, 6 de febrero de 2014

Torturaren gaineko erakusketa

Torturaren gaineko erakusketa ikusgai, gaurtik


Irati Goitia 2014-02-06 14:15  Oñati 

Oñatiko Euskal Memoria Taldeak antolatuta torturaren gaineko erakusketa izango da ikusgai gaurtik hilaren 13ra bitarte, kultur etxeko beheko aretoan. Azken urteotan torturaren inguruan batzen ibili diren datuak eta argazkiak jarriko dituzte erakusgai, besteak beste.

Otsailaren 13a Torturaren Nazioarteko Eguna dela aitzakiatzat hartuta antolatu dute erakusketa. "Oñatin torturatuak izan direnen datuak eta testigantzak batzen ibili gara azken urteotan. Testigantza horietako batzuk Barruko arrastuak dokumentalean batu genituen, baina ezin izan genituen guztiak sartu ikus-entzunezko horretan. Beraz, kanpoan gelditu ziren hainbat gauza jarriko ditugu erakusgai orain", adierazi dute taldetik. 
Horretaz gain, Euskal Memoriak argitaratutako Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian liburuan batutako informazioa ere egongo da erakusketan. Hala, ikusgai izango dira grafikoak, taulak eta argazkiak. "Batetik, tortura metodoen argazki krudelak egongo dira ; eta bestetik, torturaren ondorioak ikusten diren irudi latzak". Horregatik, 18 urtetik gorakoendako da erakusketa. 18:00etatik 20:00etara bitarte egongo da zabalik.
Bestalde, otsailaren 12an torturaren gainean egin duten ikus-entzunezkoa estreinatuko dute, 19:00etan, kultur etxeko beheko aretoan bertan. Testigantzak eta tortura simulazioak batzen ditu bideo horrek. Otsailaren 13an Barruko arrastuak dokumentala eskainiko dute toki berean, 18:00etan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario