Hogei urte dira Natur Eskolak hegaldiari ekin ziola
2014-02-03 16:27 Ingurumena Oñati
Natur Eskolaren 20. ikasturtea da oraingo hau;
1993an ireki zituen ateak. Ingurumenaz sentsibilizatzea eta kontzientzia
sortzea dira eskolaren helburu nagusiak, baina ez umeengan bakarrik,
baita helduengan ere.
1993an lehen hazia
Aurtengoa, irailean hasi zutena, 20. ikasturtea dute. 1993an erein zuten Natur Eskolaren hazia, urte horretan inauguratu zuten. Ordutik dihardu bertan lanean Jon Betanzosek. Inaugurazioan ere izan zen: "Oso ekitaldi xumea izan zen. Azken batean, herriko ikastetxeetako irakasleak gobidatu genituen, hemen geundela esateko". Natur Eskolako arduradunak esan du gelak hutsik zeudela eta programa osatzeko. Hein batean, ereindako hazia ureztatu beharra zegoen. Hain zuzen, horixe egin dute 20 urte hauetan. "Lehen hilabeteetan izan genituen talde batzuk eta poliki-poliki dinamika bat sortu zen. 1995erako, soilik bi urte pasa baziren ere, nahiko errotuta zegoen eskola herrian". Berarekin batera dihardute lanean Idoia Bollar, Imanol Biain eta Maite Murgiondok.Eman ditu fruituak haziak
Urteetako ureztatze lanak eman ditu fruituak. Egun, programa zabala eskaintzen dute eta urtero 4.500 ikasle pasatzen dira bertatik. "Kopuru horretan mantentzen gara, gure kapazitatea horra mugatzen delako". Hala ere, Betanzosek zehazten du antolatzen dituzten bestelako ekintza eta irteerek ematen dutela jende gehiago erakartzeko aukera, esaterako, Ingurumen Asteak.Hasiera batean eskaintzen zituzten tailerrak ziren: ogia egitea, kabi-kutxak eraikitzea, papera birziklatzea... Horretaz gain, Arantzazurik eta Murgiatik egiten zituzten ibilaldiak ikasleekin. "Egun, horiez gain, beste asko ditugu. Ikastetxeetako programara ere egokitzen gara", dio Natur Eskolako arduradunak. Irteeretan ere eskaintza zabalagoa dute. Gaztetxoenekin baserri ingurua ezagutzera joaten dira, adibidez. Helduagoekin, Gesaltzara geologia bertatik bertara aztertzera joaten dira edo Orkatzategira hegazti kolonia ikustera.
Animalien bilduma handia ere badute, gehienak disekatuak eta gutxi batzuk bizirik (arrainak eta muskerrak). "Arantzazuko fraideek emandakoak dira gehienak, baina partikularrek ere ekarri dizkigute. Horretaz gain, Pago-Usok oso bilduma ederra zuen eta Elkar Heziren esku utzi zuen. Ikastetxeak geuri eman digu".
Betanzosek zehaztu du Oñatikoez gain, asko direla kanpotik etortzen direnak. Nola ez, bailaratik, baina baita Gipuzkoako beste herrietatik, Bizkaitik eta Arabatik. Nafarroatik ere etorri izan omen da talderen bat edo beste, eta gogoan du Iparraldetik ere etorri zirela behin.
Ingurumen Astea, ongarri
1997an antolatu zuten lehen Ingurumen Astea. "Lehenengoaren helburua jendea erakartzea izan zen eta egiten genuena ezagutzera ematea. Izan ere, umeak etorri ohi ziren Natur Eskolara, baina herritarrak ere erakarri nahi genituen. Hitzaldiak eta ekintzak antolatu genituen jendeari zer egiten genuen erakusteko. Ekintzak hemen, gure egoitzan, egiten genituen". Iraganez mintzo da Betanzos, izan ere, Ingurumen Astea horren arrakastatsu bilakatu da, Natur Eskola txiki gelditu zaiela eta azken urteetan kultur etxean antolatu dituzte ekintzak. "Dagoeneko helburua ez da jendeak Natur Eskola ezagutzea; baizik, ekarpenak egitea herriari, sentsibilizazio bat sortzea, hainbat gai plazaratzea edo hainbat toki jakinetan egon daitezkeen problematikak ezagutzera ematea", dio. Aurtengoa 18. edizioa izango da eta dagoeneko ate joka dago, otsailean egingo dute-eta.Guztiok ureztatu beharrekoa
Ingurumen arazoak ezagutzen, aztertzen eta horiei konponbidea bilatzen ahalegintzen dira Natur Eskolan. "Ezin diogu guztiari irtenbidea bilatu, baina sentsibilizazio bat garatu dezakegu eta horretan saiatzen gara". Betanzosek dio, baina, horretan beharrezkoa dela guztion esfortzua. "Umeak nagusien isla dira. Ingurumen hezkuntza ez da haurrek bakarrik landu beharrekoa; guztiok zaindu beharreko zerbait da natura. Familian eta eskolan gaia txertatzea ere oso garrantzitsua dela uste dugu, gure eskaintza osagarria da. Denon artean egin beharreko zerbait da". Hain zuzen, horregatik antolatzen dituzte urtean zehar familiei zuzendutako hainbat ekintza, esaterako, Zuhaitz Eguna.Azken urteetan nagusien kontzientzia areagotu dela uste du Betanzosek, baina asfalto-kume bilakatu garela ere badio: "Izugarrizko aldaketa eman da. Umeek gero eta ohitura gutxiago dute mendian ibiltzeko eta lokatzetan zikintzeko. Lehen baino asfalto-kume gehiago dago". Eta hain zuzen, Natur Eskolan egiten dutena da: naturaz gozatu eta zikindu. "Kontatu beharrean, bertara joan; gertutik ukitu, usaindu eta sentitzea izaten da helburua", gaineratzen du. Hain zuzen, horretan jardun dute 20 urte hauetan eta hala jarraituko dutela diote arduradunek. Izan ere, naturaz ikasten hazi behar dugula deritzote.
No hay comentarios:
Publicar un comentario