miércoles, 26 de febrero de 2014

IKER ARKAUZ


"Praktikak du garrantzia hemen, tailerrean ordu asko ematen ditugu"


manol Soriano 2014-02-26 16:00   Hezkuntza  Oñati
Iker Arkauz oñatiarra Mantentze-lan Eletromekanikoen erdi mailako heziketa zikloa ikasten ari da Zuazola-Larraña Institutuan. Bigarren maila egiten ari da, eta laster praktikak egitera joango da enpresa batera.
Nola heldu zara Lanbide Heziketan ikasketak egitera?
DBH ikasten ari nintzen, eta hura utzi eta Lanbide Hastapenera joan nintzen. Lanbide Hastapenean Elektrizitateko espezialitatea egin nuen. Bitartean, DBHko titulua ateratzeko eskolak jasotzeko aukera genuen; horrela, bi urtean, elektrizitatearen arlora hurbildu eta DBHko titulua atera nuen. Horrek aukera eman zidan heziketa ziklo baten hasteko. 
Zergatik erabaki zenuen elektrizitatearen arloan segitzea?
Mantenua asko gustatu izan zait beti, baita etxean aitari ere. Arlo hori horren gustuko izanda, eta gainera herrian bertan, mantentze-lanak egitea erabaki nuen. 
Beraz, ezaguna zenuen aurretik Lanbide Heziketa, ezta?
Bai, hemen ibilitako jendea ezagutzen nuen, eta haiek gomendatu zidaten. Etxean ere ideia ona iruditu zitzaien. 
Aurten bigarren mailan egonda, ze asmo duzu bukatzen duzunerako?
Goi mailako zikloetarako sarbide proba prestatzen ari naiz arratsaldeetan, hemen bertan. Maiatzean da azterketa, eta, gaindituz gero, Bergaran edo Arrasaten segiko dut goi mailako ziklo batekin. 
Zer azpimarratuko zenuke Lanbide Heziketaz?
Teoriari ematen dioten pisua batxilergoan ematen diotenarekin konparatuta askoz txikiagoa da. Praktikak du garrantzia hemen; izan ere, tailerrean ordu asko ematen ditugu.
Enpresekin izan duzu harremanik?
Bai. Lanbide Hastapenean nenbilela Debagoieneko Ospitalean egin nituen praktikak eta oso gustura ibili nintzen. Eta joan den udan ere lan egin nuen, Garain. Orain, martxoan, hiru hilabeteko praktikak izango ditugu. 
Zein izango litzateke zure gustuko lana?
Enpresa batean mantentze-lanak egitea edota eskolako mantenuaz arduratzea izango litzateke nire gustuko lan bat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario