domingo, 2 de febrero de 2014

Giza katea

300 laguneko giza katea egin dute Lizargaraten, erabakitzeko eskubidearen alde

Julen Iriondo 2014-02-02 17:24  Antzuola  Bergara  Debagoiena  Oñati
Hiru herrietatik hel daitekeen mendi ingurunean elkartuta, Gure Esku Dagok ere jatorri eta izaera askotarikoen topaleku izan nahi duela irudikatu nahi izan du.
300 lagunek egin dute bat Debagoieneko Gure Esku Dago lantaldeek gaurko prestatutako ekintzarekin. Goizeko 9:00etan abiatu dira aurrenekoak Bergaratik, eta 9:30etan oñatiarrak eta antzuolarrak. Guztiek leku bera zuten helburu: Lizargarate, hiru herrietatik hel daitekeen mendi ingurunea.
Eguraldi ona lagun, gehienek oinez egin dute herrietatik Lizargarate arteko bidea; autoz eta bizikletaz ere joan dira batzuk. Lizargarateko elkarte aurrealdera 11:00ak aldera joan dira iristen hiru herrietatik oinez abiatutako lagunak, bakoitza bere bidetik. Bertan egin dute bat, eta salda eta txistorra izan da guztientzat. Baita trikiti doinuak ere.
Eguerdiarekin batera, berriz, adar eta txalaparta hotsekin, giza katea egin dute elkarte aurreko zelaian; 300 laguneko giza katea mendian, askotariko jendearekin: heldu, nagusi, ume, gazte, gizon zein emakume. Giro ederra izan da: trikitixa aprobetxatuz, eta eskuak elkarri emanak zituztenez gainera, kalejira jendetsua inprobisatu dute baita ere. Familia argazkia ere atera dute. Dena erabakitzeko eskubidearen alde, eta ekainaren 8ko Durango eta Iruñea arteko giza katerako motorrak berotze aldera.

Antolatzaileak pozik

Gaurko ekintzaren sinbologiari buruz, honakoa zioen Antzuolako Gure Esku Dago lantaldeko Jon Ugarteburuk: “Gure Esku Dago da erabakitzeko eskubidearen aldeko askotariko jendearen topaleku; eta gaurko ekintzarekin hori nahi genuen irudikatzea, Antzuolatik, Bergaratik eta Oñatitik irtenda, herri desberdinetakoek, hemen goian, Lizargarateko topaleku honetan bat eginaz”.
Lizargaratekoak amaituta, bakoitzak hartu du bere herrirako bidea. Ekintza honekin burutu dute Gure Esku Dagoren bailarako lantaldeek Eskutik Eskura dinamikaren barruan aste honetan egindako ekintza egitaraua. Oñatiko Gure Esku Dago lantaldeko Irati Egurenek adierazi du herritarrek ekintzoi emandako erantzuna primerakoa izan dela: “Oso balorazio baikorra egiten dugu. Ekonomiari buruz Arrasaten egindako hitzaldian Kulturateko aretoa bete egin zen. Interes asko piztu zuen, eta oso gustura. Ostiraleko kontzertuan, Carles Belda eta Joseba Tapiarekin, polito. Beldarekin, adibidez, jendea oso pozik geratu zen. Kataluniarrak asko konektatu zuen publikoarekin. Gaurkoak, berriz, aurreikuspen guztiak gainditu ditu, ikaragarria izan da”.
Antzuolako lantaldeko Hodei Letek, berriz, Gure Esku Dago ekimena bailaran izaten ari den harreraren gainean mintzatu da: “Jendea ari da ekimena ezagutzen eta gero eta gehiago hasi dira batzen. Eta horrela jarraitzea da gure helburua, gero eta handiagoa izan dadila ekimenarekin eta antolatutako ekintzekin bat egiten duen jende kopurua”.

Hurrengo hitzordua, Bergaran

Debagoieneko taldeek prest dute hurrengo ekintza ere. Solasaldi bat izango da, bailaran bizi diren hiru kataluniarrekin: Izenburua izango da: 1714-2014: 300 urte ostean Katalunia bidegurutzean. Bertan parte hartuko dutenak:
  • Miquel Beneit: Gizarte Langintza Diplomatua eta irakaslea
  • Jordi Ferrerons: Fisikan Lizentziatua eta irakaslea
  • Josu Tornay: Historian Lizentziatua eta Assemblea Nacional de Catalunyako kidea
Solasaldia otsailaren 12an izango da, 19:00etan, Bergarako Irizar jauregian.
Debagoieneko Gure Esku Dago lantaldeek herritarren eskura jarria dute debagoienakogureeskedago@gmail.com helbidea, talderik ez dagoen herrietan horiek sortzen laguntzeko, edo badiren kasuetan laguntzeko, baita edozein informaziotarako ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario