lunes, 16 de febrero de 2015

Aloña Mendi Euskadiko txapeldun, kros luzean

2015-02-16 12:06:35
MAILA HONETAKO EMAITZA LORTZEN DUEN LEHEN ALDIA DA
Aloña Mendi Euskadiko txapeldun, kros luzean
Atzo goizean distantzia luzeko kros txapelketa jokatu zen Elgoibarren. Mintxetako kirol instalazioak, Aloña Mendi taldeko korrikalarien lan bikainaren agertoki izan ziren. Oñatiko taldeko korrikalariak gogotik saiatu ziren eta prononostiko guztiak betez, Euskadiko txapeldun izatea lortu zuten. Talde bezala, maila honetako lorpen bat eskuratzen duen aurreneko aldia da.

Giro hotz eta umela izan zuten goizean goizetik Elgoiberrera hurbildu ziren korrikalariek. Lokatz mardula eta baldintza oso zailetan zegoen Mintxetako barrutia. 20 talde ezberdinetan banatutako 200 korrikalaritik gora irteera lerroan eta tartean, Aloña Mendiko bederatzikotea. Sergio Garcia, Yeray Varela, Mikel Ugarte, Alberto Revuelta, Imanol Cruz, Tasio Gómez, Unai Hernández, Aritz Ruiz eta Juan Seño.

Adituen esanetan, «azken urteetako mailarik onena zuen txapelketa» izan zen atzokoa. Aloña Mendiko atleten ezaugarriak ez ziren oso ondo egokitzen atzoko zirkuitura, baina talde gorriko ordezkariek, barruan zuten guztia utzi zuten Mintxetako zelai lokaztuetan. «Gure atletak azkarrak dira eta egia esan, atzoko zirkuitua ez zen batere ondo moldatzen beraien ezaugarrietara, baina berriz ere, txalotzekoa izan da guztiek, egin duten ahalegina» zioen taldeko entrenatzaile Gomezek lasterketa amaitu ahalaz bat.

Azkenean lorturiko puntuazioei esker, Aloña Mendi izan zen taldeka, distantzia luzeko Euskadiko txapeldun berria. Podiuma osatzen, Durango eta Santurtzi izan ziren hurrenez hurren bigarren eta hirugarren sailkatuak. Sailkapen ofizialak [hemen].

Gaztetxoak ere bikain

Senior mailako atleten balentria ez zen eguneko albiste on bakarra izan. Kadete mailako korrikalariak ere, lan bikaina egin baitzuten. Brontzezko domina lortu zuten taldeka. Emaitza oso ona da, kontutan hartuta Aloñako korrikalari gehienak, lehen urtekoak direla. Baina oñatiarrak arantza txiki batekin gelditu ziren.

Sailkapeneko lehen bi taldeek Espainiako txapelketarako txartela lortzen zuten eta hortik kanpo gelditu izana, «pena bat» izan zela diote Aloña Mendiko arduradunek. Kadete mailan lehiatu ziren korrikalariak hauek izan ziren: Iker Martinez, Arkaitz Fragua, Beñat Guridi, Eritz Campos, Jon Seño, Gaizka Peñagaritano eta Aritz Garzo.

Beste maila batzuei dagokionez, aipatu, Dayber Losadak gazte mailan lorturiko 8. postua. Sara Gomezek berriz, ez zuen bere egunik onena izan eta lasterketan zehar arazo ugari izan zituen arren, 9. postua eskuratu zuen amaieran. Era berean, Gipuzkoako eskolarte mailako txapelketa ere jokatu zen atzo Elgoibarren. Eider Irizarrek infantiletan eta Igor Mugarza, Eneko Camacho eta Nahia Lasagabasterrek alebinetan, lasterketa txukunak egin zituzten.

Olatz Baladrón, diskoan

Amaitzeko esan asteburu honetan bertan Olatz Baladrón Gipuzkoako azpitxapeldun izan dela disko jaurtiketan. Bere marka pertsonala 25 metro eta 94 zentimetrotan ezarri du Baladronek.

Datorren astean pista estaliko Euskadiko txapelketak lehiatuko dira kadete eta junior mailetan.

Garcia, Varela eta Ugarte korrikalariak Elgoibarren. Argazkiak: Felix Sanchez

No hay comentarios:

Publicar un comentario