Bidebarrieta kalea irisgarriagoa izateko lanak duela hiru aste hasi zituzten eta joan den astean egindako eguraldi txarrak, elurrak tarteko, pixka bat atzeratu dituen arren, martxa onean doazela ziurtatu du Egaralur enpresak, lanen arduradunak.
Lan ezberdinak egingo dituzte irisgarritasun hobeagoaren alde. Batetik, Bellotza denda parean hasi eta kiroldegi ondoko biribilgunearen artean dauden zebra-bideak egokitu egingo dituzte; Zurrust tabernaren eta D'Or dendaren parekoak, gainera, altxatu egingo dituzte, ibilgailuen abiadura moteltzeko helburuarekin. Horien maila igotzeko lanak, baina, izango dira egingo dituzten azkenak.
Bidebarrieta kalean dauden oinezkoendako pasabideak ere egokitu egingo dituzte. Kasu horretan, espaloiaren maila jaitsi egingo dute, errepidearen mailara, mugikortasun arazoak dituztenek koskarik ez izateko. Pasabide horien inguruko baldosak ere aldatuko dituzte, ikusmen arazoak dituztenek zebra-bideak non dauden errazago jakiteko. Bestalde, Errementari plazako espaloian zehar, kioskoa dagoen aldean, pasabide bat egingo dute ikusmen arazoak dituztenendako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario