Bere ibilbidea nolakoa izan den erakusten dituen argazkiak eta DVDa batu ditu Potemkin (2003-2011) taldeak izen bera duen liburuan. Taldeari lagundu diotenei eskerrak emateko eta oroigarri gisa atera dute.
"Argazki liburua, Alberto Alonsok taldeari kontzertuetan ateratako argazkien bilduma bat da, bigarren diskoaren (Gauaren zaindariak, 2010) aurkezpen biran. DVDan, berriz, denetarik sartu dugu. Bi zatitan dago banatua. Lehenengo zatian, 2007ra artekoa, San Ferminetan jo genuen kontzertuko irudiak eta Bonberenean zuzenean grabatutako abesti baten bideoklipak ikus daitezke, baita argazki galeria bat ere. Beste zatian, bigarren diskoari dagokiona, zuzenean kalitate profesionalez grabaturiko lauzpabost abesti ikusi eta entzuteko aukera dago, Hondarribiko Psilocibenean grabatuta", azaldu du taldeko kide den Iker Martinez de Zuazok. Argazkiak, Oñatin, Zornotzan, Legazpin, Elgoibarren, Donibane Garazin, Bilbon, Bonberenean edo Bakion egindako kontzertuetan ateratakoak dira, adibidez.
Hiru laguni eskainia
Aspaldiko asmoa da produktua, baina arrazoi ezberdinak tarteko, oraintxe atera dute. Martinez de Zuazok azaldu bezala, jende askok hartu du parte proiektu honetan: "Guztiak aipatzea zaila izango litzateke. Horietako bat da, adibidez, Alberto Alonso, bere argazkien bilduma delako. Bestalde, DVDan partaidetza zabala izan dugu, Kepa Aranburu eta Aitor Perosterenarena, esaterako. Maketazioa, berriz, Ruben Idigorasek egin du. Taldekideok ere hartu dugu parte prozesuaren zati baten edo bestean". Printzipioz, taldekideontzako eta era batera edo bestera taldearen inguruan ibili eta taldeari lagundu diotenendako atera dute, beraien lana eskertzeko eta oroigarri gisa. Edizio mugatua da, beraz.
Produktua, gainera, taldearendako esanguratsuak izan diren hiru lagunei eskaini die Potemkinek. "Patxi Hipolitori, Oñatiko kulturan eta gazterian egindako lana handiagatik eta Alonsok berarekin zuen harreman estuagatik; Juanan Gartzia, taldekideon lagun-mina, lehen diskoa grabatzen ari zela joan zitzaigun; eta Mikel Ugarte, taldearen soinu teknikaria izandakoa, langile eta lagun fina", azaldu du Martik, taldeko gitarra jotzaile ohiak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario