2015-02-06 12:19:54
HIRUGARREN POSTUAN DAGO SAILKAPENEAN NATRA OÑATI
Gorka Judez: «Igoera fasea jokatzeko lehian egon beharko genuke»
Aloña Mendiko saskibaloi saileko lehen taldea, denboraldi erregularra burutzen ari da. Lehen itzulia amaituta, bigarren itzuliko bi jardunaldi jokatu direnean, Gorka Judezen mutilak sailkapeneko hirugarren postuan daude. Denboraldia amaitu bitartean taldeak izango dituen helburuetaz mintzatu da besteak beste, Gorka Judez entrenatzailea Oñati Irratian.
Pozik egoteko moduko denboraldia burutzen ari dira Natra Oñatiko jokalariak. Iazko denboraldia, zapore gazi-gozoarekin amaitu ostean, aurten, sendo eta erregular ari da lehiatzen Gorka Judezen taldea. Denboraldiaren ekuadorra pasata, oñatiarrak sailkapeneko goikaldean kokatzen dira eta lehen itzuliko zenbakiak ikusirik, itxaropentsu daude bigarren itzuliari begira.
Euskal Herriko bigarren mailan -iazko Autonomikoa- dihardu Aloña Mendik. Jokaturiko 14 partiduetan 10 garaipen eta 4 porrot erdietsi ditu eta zenbakiei begira jarrita, ligako talde indartsuenetariko bat dela argi dago. Pasaden asteko garaipenak, sailkapeneko hirugarren postua eman dio Natra Oñatiri eta Gorka Judez entrenatzaileak, asteazkenean Oñati Irratian adierazi zuenez, «denboraldi amaiera bitartean, postu horien inguruan ibiltzeko lehian» egon beharko lukete.
Talde gaztea
Duela bi urte EBA mailari uko egitea erabaki zenetik, saskibaloi sailaren proiektua erabat aldatu zen. Zuzendaritza berria, helburu berriak...iraultza txiki bat, alegia. Harrobiko lana indartu eta betiko mailetara bueltatzea izan zen helburu nagusia eta horretan ari dira burubelarri sailean azken bi denboraldietan. «Senior mailako taldean esaterako, geroz eta beterano gutxiago gelditzen dira, baina hauen presentzia oso garrantzitsua izaten ari da gazteak mailara egokitu daitezen» dio Judezek.
Hori horrela, aurten taldean erreferente diren jokalariez gain, errotazioan laguntzen duten jokalarien lana goraipatu nahi izan zuen talde oñatiarreko buruak: «Jakinekoa da taldean Asier, Mikel edo Eneko bezalako erreferenteak ditugula, baina gainontzeko jokalariek eman duten aurrerapausoa nabarmendu nahiko nuke». Lehen itzuliko zenbakiak ikusirik, bigarren itzuli honetan antzeratsu ibiltzea espero duela adierazi zuen Judezek: «Gauzak ondo egiten baditugu eta daukagun guztia ematen badugu, nik uste lehen bost postuetan sailkatu beharko genukela. Horrek igoera fasea jokatzeko aukera emango liguke».
Harrobiaz harro
Elkarrizketa amaieran, harrobiko taldeak egiten ari diren lanaz ere hitzegin zuten. Judez oso pozik agertu zen gazte, kadete eta emakumezko infantilen lanarekin. Olatuaren aparretan ibiltzetik, itzalean lana egitea pasa da Judez eta bere lan taldea. Hala ere, egoera xume hauetan ere, gustora eta betiko ilusio berberaz dagoela antzematen zaio. Azken finean, maila eta prestigioaren gainetik, saskibaloia, bizitza estilo bat baita kirol zuzendari oñatiarrarentzat.
Elkarrizketa osoa entzun nahi izatera, sakatu beheko podcasta:
No hay comentarios:
Publicar un comentario