martes, 10 de febrero de 2015

Hiru oñatiar, Euskal Herriko Duatloi talde onenean

2015-02-10 13:53:00
ANTXINTXIKA TALDEA IZAN DA 2014. URTEKO ONENA
Hiru oñatiar, Euskal Herriko Duatloi talde onenean
Pasaden asteburuko elurteek denboraldiko lehen Duatloia -Ermua- bertan behera utzi bazuten ere, 2015. sasoia martxan dagoela esan daiteke. Horren haritik, Oñati Irratiak kirol honi eskaini zion atzo arratsaldeko tertulia saio nagusia. 2014. urtean duatloi eta triatloi denboraldiko euskal talde onena izan den Antxintxika taldeko hiru oñatiarrak izan ziren gonbidatuak. Xabier Luis, Iker Arkauz eta Mikel Ugartek, adierazpen interesgarri ugari utzi zituzten elkarrizketan zehar.

Duatloietan eta triatloietan Euskal Herriko zirkuituko talde onena izan zen iaz Antxintxika debagoieneko triatloi taldea, zirkuitoko beste 76 taldeak gaindituta. Denboraldi bikain hori baliatuz eta batez ere duatloi denboraldiaren hasiera aprobetxatuz, Euskal Herriko talde onenean ari diren hiru txantxikuarrak gonbidatu zituzten atzo, Oñati Irratiko kirol tarte nagusira. 

Xabier Luis, Iker Arkauz eta Mikel Ugartek iazko denboraldiaren balorazioa egin zuten eta orokorrean egindako lanarekin gustora gelditu zirela adierazi zuten. Hala ere, balorazio horietan izan zen kexu edo momentu konplexurik. Iker Arkauzen kasuan esaterako: «Denboraldia oso ondo hasi nuen, baina hileak aurrera egin ahala, arazo fisiko ugari izan nituen eta horren ondorioz zapore gazi-gozoarekin amaitu nuen iazko denboraldia». Aurtengoa hasteko desiatzen dagoela onartu zuen.

Federazioari errieta

Mikel Ugarteren kasua ere antzerakoa izan zen. Ugartek, duatloia prestakuntza bezala erabiltzen du udarako: «Duatloi denboraldia, triatloietarako sasoia fintzeko erabiltzen dut. Nire helburu nagusiak triatloietan bilatzen baititut». Horren ondotik, pozik agertu zen Ugarte iazko denboraldian 23 urtez azpikoen mailan lorturiko hirugarren postuarekin.

Baina federazioari mezu garbi bat utzi nahi izan zion: «Egia esan, federazioko puntukako sailkapena momentu hauetan ez da serioa. Triatletok serio hartzen dugu, baina federazioak ez dio inongo harretarik jartzen sailkapenari eta oso noizean behin eguneratzen du. Hori ez da legezkoa. Nire kasuan adibidez, saria jaso baino egun batzuk lehenago jakin nuen saritua izango nintzela». Sentsazio orokorra dela adierazi zuten hiru kirolariek eta alderdi hau hobetuko egingo den esperantza daukatela ere esan zuten.

Bestelakoan, pasa berri den denboraldiaren balorazioa eta urte berriariko helburuak izan zituzten berbagai. Saio erdian, Antxintxikako presidente Aitor Rementeriarekin hitz egiteko parada ere hartu zuten. Azken honek, kirol arloan lortutakoari baino, giza baliabideen hazkuntzari eman nahi izan zion garrantzia: «2014an lortu ditugun emaitzak oso onak izan dira baina horien gainetik jarriko nuke klubak ia 70 pertsonei kirol hau probatzeko aukera eman izanari. Asko hazi gara azken urteotan».

Presindenteak, era berean arantza txiki bat zuela adierazi zuen: «Bere garaian bailarako hainbat herritako taldeak elkartu ginen Debagoineko proiektu sendo bat osatu nahian eta Oñatik bere bidea hartu zuen. Pena handia ematen dit, guztiok elkarrekin egonda, oso proiektu spolita osatuko genuela iruditzen zaidalako». Hala ere, taldeen arteko harremana ona dela ere baieztatu zuen.

Talde aldaketaren zergaitia

Saio amaieran, Oñatiko Triatloi taldeak ere presentzia izan zuen. Hiru protagonistei galdera komun bat egin zitzaien. Nolatan herrian taldea egonda, Oñatitik kanpoko talde batean? Erantzunean bat egin zuten hirurek. Etxeko taldean aritutakoak dira baina «lasterketetan talde giroa» faltan botatzen zutela adierazi eta bailarako taldeak «talde eta kirol proiektu sendo bat» zuela ikusirik, aldatu dutela kolorez baieztatu zuten. Hala ere, hiru duatletek, hitz honak izan zituzten etxeko taldean bizi izandako esperientzia baloratzerakoan.

Oñatiko duatloia

Amaitzeko, Iban Perez OTT-ko kideak, hitza hartu zuen saio amaieran. Oñatiko Duatloiaren azken ordua zein zen jakin nahian, herriko taldeko ordezkariarekin jarri ziren harremanetan. Bidean zailtasun ugari izanagaitik ere, itxaropentsu agertu zen Perez Oñati Irratiko mikrofono aurrekaldera: «Momentu hauetan Oñatiko Duatloiaren aurtengo edizioa %99,9 batean ziurtatu dezakegu. Trafikoko legea asko gogortu da azken urtean eta horrek zaildu du bidea, baina okerrik ezean, herriak beste urtebetez ikuskizun eder honetaz gozatu ahal izango du».

Era berean, zirkuitu aldaketa bat egon daitekeela ere adierazi zuen Oñati triatloi taldeko ordezkariak. Ordubete luzean zehar, solasaldian esandakoak entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean.


Ugarte, Arkauz eta Luis Olakua auzoan elkarrekin

No hay comentarios:

Publicar un comentario