martes, 24 de febrero de 2015

Errepideko denboraldi berria

2015-02-24 10:07:51
OÑATI IRRATIKO KIROL TARTE NAGUSIAN IZAN ZIREN ATZO
Errepideko denboraldi berria estreinatzeko prest dira Aloñako txirrindulariak
Asteburu honetan bertan hasiko da Aloña Mendiko txirrindularitza saileko ziklisten denboraldi berria. Konkretuki, gazte mailako ziklistak izango dira debuta egiten aurrenekoak, baina martxoko hilea etortzearekin batera, beste mailetako ziklistak ere pixkanaka-pixkanaka, pedalei eragiten hasiko dira. Hori horrela, Aloña Mendi txirrindularitza saileko hiru ordezkari gonbidatu zituzten atzo Oñati Irratiko kirol tarte nagusira.

Larunbat eguerdian aurkeztu zituen Aloña Mendik errepideko denboraldian izango dituen 28 txirrindulariak. Aurredenboraldiko azken asteetan sartuta daude guztiak eta datozen egunetan egingo dute debuta. Lasterketak hasteko egun gutxi falta direla baliatuz, txirrindularitza sailean ariko diren hiru ordezkari gonbidatu zituzten atzo Oñati Irratiko kirol tertuliara: Josu Alberdi, Aitor Umerez eta Garazi Erostarbe.

Ikuspuntu ezberdinak

Atzoko saioan parte hartu zuten solaskideek, txirrindularitzari buruzko hiru ikuspuntu ezberdin eman zituzten. Josu Alberdik, zuzendari eta batzordeko kidearen esperientzia azaldu zuen. Azken urteotan lan horietan ari da eta taldeko kideei jarriko dizkien helburuetaz mintzatu zen besteak beste.

Umerez berriz, hamarkada bat bizikleta gainean ibili ondoren, ziklismo gabeko lehen denboraldian izango dituen helburuetaz aritu zen. Hiru denboraldi eman ditu afizionatu mailan eta iaz Gipuzkoa taldearekin denboraldi bikain bat burutu ostean aurten beste ardura batzuk izango dituela onartu zuen: «Ikasketen ondorioz bost hilabete eman ditut atzerrian eta joan aurretik banekien oso zaila izango zela bizikleta gainean jarraitzea. Aukeraren bat izan nuen, baina orain ikasketak amaitu eta beste gauza batzuetan zentratu nahi dut». Hala ere, bere bizitza berrian, bizikletari lotuta jarraituko duela ere adierazi zuen.

Garazi Erostarberen ikuspuntua ordea, kirol honetan hasiberria den txirrindulariarena izan zen. Eskubaloian aritu ostean aurten hasi da ziklismoan eta saileko neska bakarra izanagaitik, «ilusio handiarekin eta denboraldia hasteko irrikitan» dagoela adierazi zuen. Ziklismoarekiko afizioa, etxetik datorkiola aipatu zuen.

Prestakuntza fisikoa

Saioa osatzeko, Gary Bañosekin hartu-emanetan jarri ziren. Movistar taldeko masailariak, herriko taldeari laguntzen jarraituko du eta aurten, ziklisten prestakuntzaz arduratuko da. «Taldeko ziklisten prestakuntza eramango dut. Adin hauetan ez da oso prestakuntza berezia izaten baina nik orain arte ikasi dudana erakusten saiatuko naiz. Gazteenekin, kirol honen oinarriak ikasiz eta kadete mailatik gorako txirrindulariekin, beste era batzuetako kontzeptuak sartuko ditugu».

Ordubeteko solasaldian zehar, taldearen egoera, entrenamenduak eta orokorrean bakoitzak izango dituen helburuetaz hitzegin zuten. Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:


Erostarbe, Alberdi eta Umerez Oñati Irratiko estudioan

No hay comentarios:

Publicar un comentario