jueves, 19 de febrero de 2015

Zazpi domina Aloña Mendiko igerilarientzat

2015-02-19 11:22:16
JOSUNE ODRIOZOLAK 4 URRE LORTU ZITUEN
Zazpi domina Aloña Mendiko igerilarientzat, Euskal Herriko txapelketan
Aloña Mendiko igerilariek, neguko zitarik garrantzitsuena igaro berri dute. Pasaden asteburuan maila guztietako Euskal Herriko txapelketak lehiatu baitziren. Infantil mailakoa Irunen eta junior eta absoluto mailakoak berriz, Iruñean. Oñatiko ordezkariak, zazpi domina eta Espainiako txapelketarako minima bat lortuta, itzuli ziren etxera.

Asteburu garrantzitsua izan da otsailaren 21 eta 22koa Aloña Mendiko igerilarientzat. Infantil, junior eta absoluto mailako igerilariek, Euskal Herriko Txapelketak lehiatu dituzte eta balorazio orokor bat eginda, emaitza oso txukunak lortu dituztela esan daiteke. Xabier Infante Artza entrenatzaileak adierazi digunez «txapelketa onak izan ziren», baina oraindik akatsak zuzendu behar dituztela ere azpimarratu zuen. Hala ere, igerilariek «erakutsi zuten konpromisoa» oso handia izan dela adierazi nahi izan zuen.

Infantil mailako igerilariek Irunen izan zuten hitzordua. Aloña Mendik hiru igerilari eraman zituen bertara: Manex Biain, Enaitz Ibabe eta Ainhoa Redin. Azken honek zilarrezko domina eskuratu zuen 100 bizkar erakoan. Beste biek dominarik lortu ez arren, oso lan txukuna egin zutela adierazi digu entrenatzaile oñatiarrak. Infantil mailako emaitzak [hemen].

Junior eta Absoluto mailari dagokionez, Iruñean izan zuten hitzordua igerilariek. Hemen bederatzi igerilariz osaturiko taldea eraman zuen Aloñak Nafarroako hiriburura: Iñaki Guridi, Xabier Urbina, Eric Ugarte, Josu Arenaza, Aitor Diaz, Nagore Redin, Nerea Diaz, Josune Odriozola, eta Nerea Elorza. Hobetezeko detaileak egonagaitik ere, emaitza benetan esanguratsuak lortu zituzten. Emaitza ofizialak [hemen].

Josune Odriozolak, lau urre

Josune Odriozolak esaterako urrezko lau domina eskuratu zituen, lehiatu zituen proba guztiak irabaziz: 50, 100, 200 libre eta 50 bizkar. Odriozolak adierazi digunez, oraindik ez dago sasoi punturik onenean, eta asteburuko emaitzak hobetu ditzakeela uste du. Bere hurrengo helburua martxoak 6tik 8ra bitarteko Madrileko Espainiako txapelketa ondo gertatzea izango da.

Nerea Diazek dominak eta minina

Iruñean jarraituz, Nerea Diazek egindako lana ere aipagarria izan zen. 50 eta 200 bizkar probetan bi domina irabazi zituen. Lehenengoan brontzea eta distantzia luzean zilarra. Espainiako txapelketarako minima ere lortu zuen gainera 200 metroko proban. Iñaki Guridi igerilari beteranoaren kasua ere aipagarria da. Ia 30 urterekin sasoiko jarraitzen baitu eta oso denbora txukuna egin zuen 100 librean (00:57:94).

Beste ordezkarien lanari dagokionez era guztietako markak izan ziren. Batzuk onak eta beste batzuk ez horrenbestekoak. Hala ere, guztiak bide onetik doazela adierazi digu Infante entrenatzaileak.

Euskal Herriko txapelketak gaindituta, Aloña Mendiko igarilarien hurrengo helburua, asteburu honetan bertan iritsiko da. Legazpin izango dute hitzordua oñatiarrek. Txapelketa hau, udako lehiaketetarako minimak lortzeko baliogarria izango da.

Josune Odriozola urrezko domina eta txapelarekin

No hay comentarios:

Publicar un comentario