2015-02-02 09:40:28
LAUGARREN URTEZ JARRAIAN, ESPAINIAKO TXAPELKETAN IZANGO DA
Aloña Mendi Euskadiko azpitxapeldun, kros motzean
Atzo goizean distantzia motzeko Euskadiko kros txapelketak jokatu ziren Azpeitian. Absoluto eta beterano mailako txapelketak izan ziren eta Aloña Mendik berriz ere, Euskal Herri mailan, erreferentzia dela erakutsi zuen. Zilarrezko dominarekin itzuli ziren etxera oñatiarrak eta emaitza honi esker, beste urtebetez -lagarrena jarraian-, Espainiako txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu du.
Giro benetan traketsarekin esnatu zen atzo goiza Euskal Herri osoan. Euria, elurra eta hotza izan ziren eguneko protagonista nagusiak eta Azpeitian ere, antzeratsu ibili ziren. Azken egunetako euriteek, zirkuitua erabat hondatuta eta lokatz handiarekin utzi zuten eta egia esan, Aloña Mendiko korrikalarien ezaugarrientzat ez zen batere zirkuitu aproposa. Lasterketa amaieran, ondorengo hitzak esan zituen taldeko ordezkarietako batek: «zirkuitua ez zen gure ezaugarrietara batere ondo egokitzen. Bihurgune asko zituen, lokatz asko pilatu zen eta horrek, momentu askotan oreka mantentzea ere asko konplikatu zuen. Hala ere oso pozik gaude egindakoarekin».
Orokorrean Aloñako atletek, beste guztiek bezala, asko sufritu zuten baina lasterketa guztian jarritako kemena eta erakutsitako adorea, izugarriak izan ziren. Zailtasun guztiei aurre egin eta azkenean, taldekako sailkapenean Euskadiko azpitxapeldun izatea lortu zuen talde oñatiarrak. Ostiralean aurreratu genuen bezala, emaitza honi esker laugarren urtez jarraian, Espainiako txapelketan izango da Aloña Mendi. Martxoaren 1ean Caceresen ospatuko da kros motzeko txapelketa.
Taldekako emaitza esanguratsu hau, korrikalari eta postu hauekin lortu zuten: Alberto Rebuelta (6.), Yeray Varela (8.), Imanol Cruz (11.), Sergio Garcia (12.), Mikel Ugarte (28.), Unai Hernandez (29.), Tasio Gómez (32.) eta Andoni Correas (67.). Guztira 186 korrikalari lehiatu ziren absoluto mailako txapelketan. Emaitza ofizialak [hemen].
Beteranoetan argi-ilunak
Absoluto mailako txapelketarekin batera, beterano mailako txapelketa ere jokatu zen atzo Azpeitian. Hemen txanponaren bi aurpegiak ikusi zituzten herriko atletek.Ramon Varela izan zen alde positiboa, V55+ mailan zilarrezko domina eskuratuz. Urrezko domina eskura izan zuen, baina akats txiki baten ondorioz bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Varelak. Taldekako sailkapenean, Aloña Mendi bederatzigarren postuan gelditu zen.
Txanponaren beste aurpegia, albiste negatiboa, Estela Biainek utzi zuen. Sasoi puntu bikainean zegoen La Blanca taldeko atleta oñatiarra eta pronostikoek urrezko dominerako hautagai sendo jartzen bazuten ere, azken orduko lesio baten ondorioz, ez zuen lasterketan lehiatzerik izan. Lasterketa aurreko egunetan erorketa bat izan zuen eta belaunean kolpe handia hartu zuen Biainek. Azken ordura arte ahalegina egin bazuen ere, azkenean etxean gelditu behar izan zuen.
Otsailaren 15ean distantzia luzeko Euskadiko Txapelketa lehiatuko da Elgoibarren. Hemen ere, Espainiako txapelketarako txartela lortzeko helburuarekin irtengo dira Aloña Mendiko korrikalariak senior eta kadete mailan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario