miércoles, 4 de febrero de 2015

Porrota, ikasgai izan daitekeelako

ok magazinea

2015-02-04 11:20:19
EZIN IZAN DITUZTE HELBURUAK BETE ASTEBURUAN
Porrota kirolari guztien ibilbidean agertzen den egoera izan ohi da. Garaipenak baino sarriago ematen dira kasu askotan, zoritxarrez. Baina bada, porrotari alde positiboa ateratzen dionik. Hori da hain zuzen ere, Aloña Mendiko eskubaloi saileko gazte mailako ordezkariek, asteburuko esperientziatik atera duten ondorioetako bat. Biek ala biek "kale" egin dute faseetan, baina bizi izandako esperientzia, jokalarien formakuntza prozesuan hazten jarraitzeko oso baliogarria izango dela adierazi zuten.

Gazte mailako Aloña Mendiko bi taldeek, denboraldiko asteburu garrantzitsuena igaro berri dute. Emakumezkoen kasuan, Ixone Lizarra eta Iker Berrocalen neskek, Euskal Ligatik ez jaisteko fasea jokatu zuten Irunen. Ostiraletik igandera, hiru partidari aurre egin behar izan zieten eta garaipen bakar bat eta bi porrot erdietsita, ezin izan diote Euskal Ligan zuten postuari eutsi. Hemendik aurrera, denboraldiko bigarren zatia Gipuzkoako ligan jokatu beharko dute oñatiarrek.

Gizonezkoen kasuan, helburua guztiz bestelakoa zen. Gipuzkoa mailako aurreneko bi faseetan denboraldi oso txukuna burutu ostean, Euskal Ligara igotzeko txartela ematen zuen igoera fasea jokatu dute Urdulizen. Hauen kasuan ere, hiru partida hiru egunetan. Balantzea negatiboa izan da hiru partidak galdu egin baitziren. Hala ere, Juanjo Isasti eta Alberto Ibabe entrenatzaileak oso gustora gelditu dira, euren mutilek erakutsitako mailarekin. Hauek ere, Gipuzkoa mailan jokatzen jarraituko dute aurrerantzean.

Oñati Irratian solasaldia

Talde bakoitzeko bi ordezkari gonbidatu zituzten astelehen arratsaldean Oñati Irratiko kirol tarte nagusira. Hori horrela, Ixone Lizarra, Leire Zelaia, Juanjo Isasti eta Asier Ibabek, asteburuan bizi izandako esperientziaren berri eman zuten. Protagonistak, minduta zeuden fasean izandako aukera ez zutelako aprobetxatu. Baina era berean, etorkizunera begira porrot hauek «ikasgai» izango direla ere onartu zuten.

Gazte mailako taldeak izanik, «helburu nagusiena, formakuntza» dela adierazi zuen Isastik behin eta berriz. Alde horretatik, emaitzen gainetik, jokalariek asteburu guztian izan duten jarrera positiboa azpimarratu beharra dagoela esan zuen. Solasaldian zehar, orain arte egindako lanaz eta etorkizunerako helburuetaz hitz egiteko aukera ere izan zuten.

Hemen daukazue ordubeteko tertulia guztia entzungai:

Lizarra, Zelaia, Ibabe eta Isasti Oñati Irratiko estudioetan

No hay comentarios:

Publicar un comentario