martes, 23 de septiembre de 2014

1.000 litroko edukiontzi bereziak jarriko dira

 

Jaiak iraun bitartean 1.000 litroko edukiontzi bereziak jarriko dira Aita Madina kalean, Iturritxo inguruan eta Azoka aldamenean.

2014/09/22 
Herriko ostalari eta elkarteek jaixetan hondakin gehiago pilatuko dituztela aurre ikusita, edukiontzi bereziak jartzea erabaki da. Giltzadun edukiontziak izango dira.
  Edukiontzi berezi horiek erabiltzeko giltzak, inguruko taberna, jatetxe, elkarte eta txosnetako arduradunei banatuko dizkiete. Edukiontziak astean zehar jarriko dira eta urriaren 7ra arte mantenduko dira.
  Iaz egin zenaren antzera, frakzio bakoitzari dagozkion edukiontzi hauek hiru gunetan jarriko dira: Aita Madina kalean institutuaren alboan, Iturritxo inguruan eta azoka plaza aldameneko errotondan.
  Gune bakoitzean 1.000 litroko edukiera duten launa edukiontzi jarriko dira. Hala, inguruko ostalari edo elkarteetako lagunek, jaixetan ohikoa baino hondakin gehiago biltzen badituzte, bertara eramateko aukera izango dute.
  Giltzadun edukiontziak jartzea dena den, zerbitzu osagarria izango da. Jai egunetan ostalaritza lokal eta elkarteetan sortzen diren hondakinak urtean zeharreko gainontzeko egunetan bezala jasoko baitira, ordutegi eta leku berdinetan. Edukiontzi berezi hauek beraz, ohikoaren gaineko hondakin kopurua pilatu eta gordetzeko arazoak dituztenei zuzenduta daude. Larrialdietarako gune direla esan genezake.
  Bestelakoan, etxeetako hondakinen bilketan ez da aldaketarik izango jaixetan eta egun bakoitzari dagokion hondakin frakzioa, orain arte bezala gauez jasoko da. Enpresetako bilketan ere, jai egunetan, ez da aldaketarik egingo.
  Merkatari,ostalari eta elkarteei eskaintzen zaien goizeko zerbitzua bai, pitin bat egokituko Herri Eguna eta Errosarixo Bixamonean eta Kale Zaharra, Kale Barria, Atzeko kale eta plazan dauden lokalen kasuan.
  Herri Egunean eta Errosarixo Bixamonean, erdiguneko kaleak eta plaza jendez gainezka egoten dira goizean goizetik. Hondakinak biltzeko kamioiak bertatik sartzea oso arriskutsua da eta ondorioz, bi egun horietan, aipatu kaleetako lokal jabeei, hondakinak, inguruan izango diren batze puntu nagusietara eramatea eskatuko zaie. Kale zaharra eta plazakoek, ONCE saltoki ondoko aparkalekuan izango dute batze puntua, Kale zaharrean baina behealdekoek, Lizaur kalean.
  Atzeko kalekoentzat berriz, Iturritxoko ONCE saltoki ondoan egokituko da batze puntua. Eta Kale Barriakoentzat Portu taberna inguruan, kalearen behealdekoentzat,  eta Ramon Irizarren, goialdekoentzat.
  Hori, Herri Egunean eta Errosarixo Bixamon egunean. Kamioiek bilketa lehenbailehen egin dezaten, puntualitatea eskatzen da eta goizeko 9etarako jada, hondakin frakzioen kuboak, aipatu batze puntuetara eramatea eskatzen da. Gainontzeko egunetan ez da aldaketarik izango.
Iturria: Oñati irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario