lunes, 15 de septiembre de 2014

Mikel Deuna saria Aloñarentzat gizon zein emakumezkoetan

OKMAGAZINEA
Eskubaloia
2014-09-15 11:04:27

Ondo hasi dute aurredenboraldia Aloña Mendi eskubaloi saileko talde nagusiek. Larunbat arratsaldean, Mikel Deunaren saria jokatu zuten Zubikoan Osinaga eta Zuluetarenek eta bi partidetan Leizaran mendean hartu ostean, garaipena eta saria etxean utzi zuten gizon zein emakumezkoen taldeek.

Arratsaldeko 16:15 eman zitzaion hasiera txapelketari emakumezkoek. Aloñak eta Leizaranek liga berdinean jokatuko dute aurten eta horregaitik, proba garrantzitsua izan zen larunbatekoa. Lehen minutuetan joku nahasia ikusi zen kantxa gainean. Aurredenboraldiko lan kargek eta freskotasun faltaren eraginez kosta egin zitzaion Aloñari partidan nagusitzea.

Hala ere, minutuak aurrera egin ahala, Osinagaren neskek defentsako lana gogortu eta atzean egindako lan ona baliatuz, erasora oso azkar irtetzen ziren. Hori horrela, kontraerasoan hainbat gol sartu zituzten txantxikuarrek. Azkenean 24-20 emaitzaz nagusitu ziren.

Berritasun ugari taldean

Emakumezkoen senior mailako taldeak itxura nahiko berritua izango du aurtengo denboraldian. Berrikuntza nagusia aulkitxoan ikusiko dugu, izan ere Jonan Osinaga izango da aurrerantzean taldeko entrenatzaile berria. Osinaga gustora azaldu zen bere taldeak egindakoarekin. "Hasieran kosta egin zaigu partiduan sartzea, baina defentsan estutzearekin batera, erasoan ere askoz erosoago ibili gara".

Entrenatzailea ez da taldeko aurpegi berri bakarra izango. Larunbatean ikusi ahal izan zen bezala, taldea asko gaztetu baita jubenil mailatik igo diren jokalariei esker. Guztira 6 jokalarik eman dute gazte mailatik talde nagusirako urratsa: Leire Azurmendi, Olatz Kortabarria, Miren Ugarte, Ainhoa Barrena, Nagore Bikuña eta Maider Arregi.

Gizonezkoak ere nagusi

Arratsaldeko 18:00 berriz, gizonen arteko lehia ikusi ahal izan zen. Hemen ere Aloña eta Leizaran aritu ziren eta emakumezkoetan bezala, bi talde hauek ere, liga berean jokatuko dute aurtengo denboraldian.

Partidu hasiera oso ona egin zuten Rafa Zuluetarenek. Lehen 15 minutuetan erritmo bizian jokatu zuten eta atsedenaldirako dagoeneko bost goleko abantaila zuten oñatiarrek (13-8). Hala ere, lehen zatiko azken minutuak eta bigarren zatiko hasierakoak, ez ziren hain onak izan. "Entrenamendu gogorrak egiten ari gara eta horri, kantxan egon den beroa eta hezetasuna gehitzen badiogu, normala da urte sasoi honetan erritmoa jeitsi beharra izatea". Hala ere bigarren zatiko azken minutuetan berriz ere joku maila polita erakutsi ahal izan zuten Zuluetarenek eta azkenean, 27-22 nagusitu ziren.

Entrenatzailea pozik

Rafa Zuluetak ere, balorazio positiboa egin nahi izan zuen partidu amaieran: "Pozik nago taldeak erakutsi duen mailarekin. Gure helburua fisikoki ondo jarri eta iaz egindako lan onari jarraipena ematea izango da".

Datozen asteetan lanean jarraitu beharko dute Zuluetarenek, izan ere, oraindik ez dakite noiz hasiko den aurtengo denboraldia. 
Emakumezko eta gizonezkoen aurtengo taldeak

No hay comentarios:

Publicar un comentario