"Lehengo emakume batzuei asko egin beharra tokatu zaigu"
2014-09-08 19:30 Debagoiena OñatiAtzo Legazpin izandako Gipuzkoako Artzain Egunean omendutakoetako bat da Barrena, Arantzazukoa. Eta Arantzazuko beste lagun bat ere omendu zuten Gipuzkoako artzaintzaren festan: Nikolas Segurola. Biak ziren pozik jasotako aitortzarekin.
Artzaintza eta lehen sektorearen lana gertutik ezagutu eta haiei behar duten bultzada emateko eguna izan zen atzokoa Legazpin. Horretarako, Gipuzkoa osoko ekoizleek euren produktuak eskaini zituzten, eta bailarako hainbat ordezkari ere bertan izan ziren.
Ardiak ikusgai, eta artzantzako eta bestelako produktuak ere izan ziren azokan, hainbat artisaurekin batera. Horrez gain, gazta lehiaketa ere egin zen, baina bailarako ordezkariek ez zuten zorterik izan. Javier Muñoa zeraindarrak lortu zuen txapela.
Urteroko omenaldian, berriz, bizitza ardien eta gaztaren bueltan eman duten Arantzazuko bi lagun izan ziren omenduak, Arrikrutz baserritik Gesaltzara ezkondutako Maria Angeles Barrena eta Gomiztegiko Nikolas Segurola.
Segurolak eta Barrenak makila eta oroigarria jaso zituzten, eta aurreskua Gipuzkoako Artzain Eguneko gainerako omendu eta sarituekin batera.
Gipuzkoako Artzain Txakur Txapelketa ere egin zuten atzo Legazpin, eta Jesus Mari Plazaola arrasatearraren Lagun txakurrak bigarren egin eta Euskal Herrikorako sailkatzea lortu zuen. Juan Jose Arrizabalaga elgoibartarrak eta Azkar txakurrak lortu zuten garaipena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario