domingo, 13 de octubre de 2013

Arrasate-Oñati lasterketa

Yeray Varela azkarrena Arrasate-Oñati lasterketan

Urr. 12, 2013, 9:19 p.m. Goiatz Arana
Oñatiarra izan da helmugaratzen lehena, 0:38:19 denbora eginda; Oñatiko historian gordeko da bere izena, 30. edizioko irabazle moduan. Hirugarrenez irabazi du lasterketa eta, honenbestez, Diego Garcia zenak eta Asier Cuevasek egindako lorpenetara hurbildu da; azpeitiarra eta eibartarra Oñati-Arrasate lasterketa lau eta bost aldiz irabazirakoak dira, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, Elena Loyo zuiarrak egin du denborarik onena: 0:43:46.
Inoiz baino parte-hartzaile gehiago batu ditu lasterketak, 458 orotara; korrika osatu dute ibilbidea gehienek eta 80k patin gainean. Eguraldi dotorea lagun, giro aparta izan da eta antolatzaileak oso pozik azaldu dira amaieran; are gehiago, inork minik hartu ez duela kontuan izanik.

Ibilbidea soilik errepidetik egin beharrean zati batzuk bidegorritik egitea izan da aurtengo berrikuntza nagusia. Korrikalariek eskertu egin dute aldaketa, orokorrean; aldiz, patinatzaileek aitortu digute eurentzako zailtasun handiagoa suposatu duela horrek.

Omenaldia

Sari banaketa amaitutakoan, hasierako eta egungo antolatzaileak omendu dituzte eta baita urtetan lasterketaren ardura izan duen Laixan elkarteko ordezkariak ere: aurreskua dantzatu diete eta oroigarriak banatu.

Sailkapena

Korrikalariei dagokionez, bigarren eta hirugarren gizonezko azkarrenak Ander Agirre bergararra eta Ricardo Veleda urretxuarra izan dira; eta emakumezkoetan, Aitziber Urkiola eibartarra eta Nere Arregi arrasatearra. Arrasatear azkarrenen sariak Gaizka Romerok eta Raquel Alonsok eraman dituzte; eta lehen oñatiarrenak, Igor Esparzak eta Estela Biainek.

Patinatzaileei dagokienez, bestalde, Nicolas Alonso donostiarra izan da helmugaratzen lehena (0:21:37), eta haren atzetik sartu dira Ekaitz Perez de San Roman bilbotarra eta Pablo Salaverria donostiarra. Emakumezkoetan, Irungo Begoña Huertak egin du denborarik onena (0:23:49), Aramaioko Ainhoa Oyanguren sailkatu da bigarren eta Donostiako Nagore Montes hirugarren. Oñatiko lehen gizon-emakumeen sariak Iñigo Tercero eta Nerea Mendiolarentzat izan dira; eta Arrasateko gizonezko azkarrenarena, Luis Miguel Egizabalentzat (emakumezko arrasatearrik ez da izan).

No hay comentarios:

Publicar un comentario