Lope de Agirre gogoan
Urr. 15, 2013, 1:10 p.m. Jagoba Domingo
Lope de Agirreren inguruko hamabostaldia antolatu dute Oñatin ARTaso arte taldekoek. Gaur hasi eta hilak 26ra arte, hitzaldiak, film emanaldiak eta erakusketa egongo dira ikusgai. Atzo, erakusketan parte hartu duten artistak bertan egon ziren, obrak ikusi eta horien gainean berba egiteko.
Tiranoa batzuentzat, askatzailea beste hainbatentzat; Lope de Agirrek historian izan duen garrantzia ukaezina da. Bada, Araotzen jaio eta 500 urte beranduago, Loperen historia eta bizitza aldarrikatu edo ospatzeko asmoz, Oñatiko Artaso taldekoek, Oñatiko udalaren eta Ulma fundazioaren laguntzarekin, Lope de Agirreren inguruko hamabostaldia antolatu dute.
Hitzaldiak, film emanaldiak eta erakusketa
Hamabostaldiak hiru ardatz nagusi ditu; historiagile eta Loperen gaineko adituen hitzaldiak, film emanaldiak, El Dorado edo Agustin Goenagaren Agirreko Lope zatituta dokumentala besteak beste; eta gaurtik zabalik dagoen erakusketa.
Oñatiko kultur etxean dagoen erakusketan baina, atzo, bertan parte hartu duten artistak batu ziren obrak ikusi eta horien gainean hitz egin eta piezak komentatzeko. Erakusketan artista ezagunen obrak ikusgai dauden arren, Milikuak oñatiarren eta jende arruntaren esker egindako erakusketa dela azpimarratu zuen atzo.
Pinturak, eskulturak, zeramikak eta argazkiak
Erakusketan pinturak, zeramikak, argazkiak zein eskulturak daude ikusgai. Eskulturen artean, Xabier Santxotenak egindako Loperen buruaren zirriborroa dago. Zirriborroa diogu, izan ere, bi metro neurtzen duen Lope de Agirreren burua egin duelako Santxotenak euskal pertsonai ospetsuen gaineko bilduma baten barruan.
Gaur hasita, urriaren 26ra arte zabalik
Gaurtik hilaren 26ra artean zabalik egongo da erakusketa, arratsaldeko 18:00ak eta 20:00ak artean, Oñatiko Kultur-etxean. Eta bertan esan bezala, oñatiarrek, gaur egun Lope de Agirre nola ikusten duten ulertzeko aukera paregabea eskaintzen du.
Gaurkoan ere, Joxe Antonio Azpiazu eta Jerardo Elortza historiagileek, hitzaldia eskainiko dute kultur etxean, arratsaldeko 19,00etan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario