Parot doktrina indargabetuta, Espainiako interpretazioaren zain daude espetxealdia luzatu zaien presoak
Urr. 21, 2013, 12:51 p.m. Jon Berezibar
Giza eskubideen aurkakotzat jota, Estrasburgoren ebazpenak atzera bota du Espainiaren helegitea. Europako Auzitegi Gorenak ebatzi du legearen eta giza eskubideen aurka izan dutela Ines del Rio presoa 2008tik espetxean. Ebazpena, Europako Itunak hala ezartzen duelako, nahitaez bete beharra du Espainiak. Hala ere, ikusteko dago doktrina aplikatu zaien presoei zelan eragingo dien, Espainiako Auzitegi Nazionalak adierazi baitu banan-banan aztertuko dituela helegiteak. Debagoieneko lau preso daude egoera horretan: Jesu Mari Zabarte, Jose Gabriel Urizar, Luis Mari Azkargorta eta Xabin Usandizaga.
Estrasburgoko epaileak. |
Espainiako Gobernuak Estrasburgotik datorren ebazpenari bere horretan men eginez gero, lau preso debagoiendar geratuko dira aske: Jesus Mari Zabarte (Arrasate, 1984an atxilotua), Jose Gabriel Urizar Gautxori (Arrasate, 1985ean atxilotua), Luis Mari Azkargorta Kanto (Aramaio, 1988an atxilotua) eta Xabin Usandizaga (Oñati, 1997an atxilotua)
Zigorra, zigorraren gainean
Estrasburgoko Sala Txikiak 2012ko uztailean ebatzi zuen 197/2006 doktrinak –Parot doktrina bezala ezagunagoa – legearen atzeraezintasun printzipioaren aurka egiten duela. Zehazki, Europako Itunaren 5. eta 7. artikuluak urratzen ditu Espainiako lege horrek – askatasunari eta segurtasun juridikoari dagozkionak –, zigor berria erantsi egin zitzaielako presoei, ordurako betetzen zebiltzan zigor baten gainean. Espainiako Gobernuak Estrasburgoko Auzitegiaren Sala Txikiaren erabaki horri helegitea aurkeztu zion eta helegite horri erantzuten dio gaur jakinarazi den ebazpenak.
2006ra arte, presoei zigorra arintzeko neurriak Zigor Kodeak ahalbidetzen zuen gehienez ere 30 urteko espetxealdiari aplikatzen zitzaizkion. Parot doktrinarekin hori aldatu zuen Espainiako Gobernuak eta ordutik presoari ezarritako zigor-urte guztiei aplikatzen zaie arintzea eta ondorioz doktrina hori aplikatu zaien presoen irteera urtea atzeratu egiten da, zigorraren arintzea aplikatzen zaien urte kopurua handiagoa baita, zigor bakoitzaren urte kopuruari dagokiolarik, eta ez espetxealdiaren urte kopuruari (gehienez ere 30 urte).
Egoera honetan 60 bat preso daude eta Espainiak nahitaez bete beharko du erabakia, nahiz eta dagoeneko Gobernutik adierazi duten interpretazioaren mende geratuko dela aplikazioa. Espainiako Auzitegi Nazionalak dagoeneko adierazi du banan-banan aztertuko dituela aurkeztutako helegiteak eta, ondorioz, azterketa indibidual horren martxaren arabera askatuko lituzkete ebazpen berriak eragiten dien presoak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario