viernes, 4 de octubre de 2013

Kirolak ere izango du bere lekua Errosaixoetan

OK Magazinea
Besteak
2013-10-04 09:55:08
ZUBIKOA KIROLDEGIAK ORDUTEGI BEREZIA IZANGO DU EGUNOTAN
Kirolak ere izango du bere lekua Errosaixoetan
San Migel jaiak atzean utzi ostean, Errosaixo asteburua ospatuko dute gaur hasi eta asteartea bitartean Oñatiarrek. Ekintzaz beteriko egunak izango dira eta guzti hauen artean, urtero bezalaxe, kirolak ere izango du bere lekutxoa.

Asteburuan sartu aurretik baina, gaur 4. Egun Morea ospatuko dute. Eguerdian hasi eta iluntzera bitartean, hainbat hitzordu izango dira eta tartean 16:30 hasita,Olinpiada moreak egingo dituzte txosnagunean. Herri mailako hitzordu honek, azken urteotan bere lekutxoa hartu du herriko jaietan eta bereziki herriko gazte kuadrilek parte hartzen duten ekimena izaten da.

Herri Kirolak

Bihar larunbata berriz, Herri Eguna ospatuko da. Goizeko lehen orduetatik herri mailako hainbat erakusketa, sagardo dastatze eta lehiaketa izango dira. Bazkal ostean iritsiko da eguneko kirol ekintza indartsuena. Urtero bezala, arratsaldeko 5etan hasita, Herri Kirolekin gozatzeko aukera izango dute txantxikuarrek. Lehenik eta behin herriko gaztetxoenen txanda izango da, eta ondoren, arratsaldeko 6ak aldera profesionalen jaialdia ikusi ahal izango da. Ekintza guzti hauek herriko plazan egingo dira, euririk egiten ez badu. Kasu horretan, Zubikoa kiroldegira eramango litzateke jaialdia.

Motorrak eta Arku Tiroa igandean

Asteburuko kirol ekitaldiak Errosaixo egunean amaituko dira. Eguerdiko 12etan motor klasikoen erakustaldia antolatu du Narrarte Off Road taldeak. Hitzordu hau txosnagunean egingo da. Arratsaldean berriz, 17:00 aurrera Arku tiraketa erakustaldia egingo da San Martineko zuhaiztian. Herritarrek arku tiroa probatzeko ekimena hau Txantxiku Arkulariak taldearen eskutik etorriko da.

Kiroldegiak ordutegi berezia

Amaitzeko esan, jai egun berezi hauetan Zubikoa kiroldegiak ere ordutegi berezia izango duela. Urriak 5, 6 eta 7an itxita egongo da. Urriak 8an, asteartea, eguerdiko 14:00 aurrera normaltasunera itzuliko da bai gune lehorra eta baita azken hamabost egunetan itxita egon den igerilekua ere. 
0 iritziak
Herri Kirolak izango dira bihar arratsaldean. Argazkia: Natxo Santos.

No hay comentarios:

Publicar un comentario