Ikertzen jarraitzeko indarra jaso dute Elortza eta Azpiazu historialariek
Urr. 12, 2013, 4:07 p.m. Oihana Elorza
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izendatu dituzte bi oñatiarrek eguerdian Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatean. Senidez eta lagunez bete da aretoa.
Unibertsitateko aretoan egin den ekitaldiko une bat |
Senideen eta lagun askoren aurrean jaso dituzte Jerardo Elortza eta Jose Antonio Azpiazu historialari oñatiarrek Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izendatzen dituzten diplomak eta dominak. Zapatu eguerdian izan da, Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatean.
Ekitaldi solemnea
Ekitaldi solemnea izan da, protokoloak markatutakoa. Unibertsitateko Max Weber aretoko mahai nagusian Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideek eta Oñatiko alkateak, Mikel Biain, osatu dute. Elkarteko Gipuzkoako presidente Juan Bautista Mendizabal izan da hitza hartzen lehena. Aretoa bete duten lagunei egun onak eman ostean, zutik jartzeko eskatu die, Azpiazu eta Elortzari ongietorria egiteko. Honela, aretoko izkina bateko pasillotik barrena heldu dira bi ikerlariak mahai nagusiraino, txalo artean. "Albiste ona da bi lagun hauek elkarteko kide izatea, euren lanak zabaldu ahal izango ditugulako eta indar berria emango diotelako elkarteari", esan du gero Mendizabalek. Mikel Biainek hartu du hitza gero. "Jerardo eta Jose Antonioren aurretik Iñaki Zumalde zena ere izan zen elkarte horretako kide, eta haren lana ere goraipatu gurako nuke Udalaren izenean. Orain, beste bi herritar hauek hartuko dute haren lekukotza, eta ez dut inolako zalantzarik euren betebeharra ondo egingo dutela".
Gonzalo Duok egin du Jerardo Elortzaren aurkezpena eta Elortza bere lanari buruz berba egiten hasi da gero. Manuel Umerez Goribargoitiak 1805 urte inguruan oñatieraz idatzi zituen bi eskuizkribuez jardun du, "ez bakarrik duten hizkuntza balioaz, baizik ere orduko ohitura eta bizimodua nolakoa zen ere jasotzen dutelako", Elortzaren iritziz. Jose Antonio Azpiazuk, berriz, unibertsitatearen historiaz egin du berba: "Euskal Herriko, Burgosko eta Kantabriako ikasle asko egon ziren hemen, iparraldeko unibertsitate bakarra zen-eta. Lege-gizon asko formatu ziren bertan". Elkarteko Asunción Urzainkik laburtu du gero Azpiazuren lanen garrantzia.
Bi ordu iraun duen ekitaldian, musika ere entzun da. Ekitaldiaren azkenengo zatian, esaterako, El borracho burlado kantaren zati batzuk abestu ditu Amaia Azpiazuk Xabier Ugarte gitar jotzailearen laguntzaz. Bukatzean, otamena egon da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario