Emakume trikitilaria jaun eta jabe Oñatin
Urr. 28, 2013, 9:13 a.m. Aitziber Aranburuzabala
Oñatiko Santa Ana antzokia jendez bete zen, eta ez hori bakarrik, ikusleak guztiz inplikatu ziren Lizargarate Trikitixa Elkartekoek antolatu zuten emakume trikitilarien omenezko jaialdian, zapatuan. Oraingo eta lehengo trikitilariak batu zituzten.
Oñatiko trikitilari jaialdiko une bat. |
Antzokiko agertokira igotzen zihoazen trikitilari ezagunak txaloz hartu eta agurtu zituzten, eta kantuak ere txaloekin lagundu zituzten. Oñatiko Lizargarate Trikitixa Elkarteak antolatzen duen halako bosgarren jaialdia izan zen zapatukoa.
Oraingo jaialdiak ukitu berezia izan zuen, emakume trikitilariak izan ziren-eta protagonista. Hori horrela, aspaldian taularen gainera igo bako musikariak eta sekula formatu horretan jo bako trikitilariek hartu zuten taula gaina. Horien artean zeuden Maixa Lizarribar (Maixa eta Itziar) eta Alaitz Telleria (Alaitz eta Maider); eta Kristina Solano eta Amaia Orexa (Itziarren ahizpa). Jaialdiari ekin, baina, bertako musikarien doinuekin ekin zioten; Lizargarateko trikiti ikasleekin, hain zuzen ere.
Sorpresaz jositako jaialdia
Sorpresak izan ziren ikusle eta parte-hartzaileendako, izan ere, emanaldi bakoitzaren aurretik, protagonista horien aurkezpen-bideoak eman zituzten. Bideo horietan, taularen gainean zeuden trikitilarien senitarteko eta lagunen adierazpenak batu zituzten antolatzaileek.
Gonbidatuen artean zeuden Elustondo ahizpak; hiruko horretatik, Agurtzane da plaza gehien zapaldu dituena, betiere, anaiarekin, baina oraingoan, emakumeen omenezko jaialdia zenez, bi ahizpak animatu zituen Santa Anara.
Afaria eta erromeria gero
Santa Anakoa bukatuta, kalejira egin zuten elkarrekin eta, ondoren, gaztelekuan afaldu zuten herritarrekin batera. Horrelako jaialdietan ohikoa den moduan, dantza eginez borobildu zuten Lizargarate elkartearen bosgarren jaialdia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario