viernes, 5 de abril de 2013

MAROKO GUZTIA ZEHARKATU DUTE MOTORREAN 15 EGUNETAN

OK Magazinea.


Abentura eta elkartasuna motor gainean
Aste santuetako jai egunak aprobetxatuz oñatiar talde bat Marokora joan da motorrean herrialde Afrikarra zeharkatzera. Martxoaren 18tik 31ra bitartean 3500 kilometro inguru osatu dituzte eta Maroko iparraldetik hegoalderaino zeharkatu ondoren, dagoeneko herrian bueltan dira. Hori bai, hurrengo urtean berriz ere itzultzeko asmotan bueltatu direla argitu digu taldeko ordezkari batek.

Ion LosadaJavier VillarJulen Etxezarreta eta Eneko Madina dira hain zuzen ere azken aste hauetan Maroko aldean ibili diren motorzaleak. Motorra ez ezik, abentura eta elkartasuna uztartzen zituen bidaia izan da Marokora egin berri dutena. Ez da lehen aldia Afrikako herrialde hau motorrean bisitatzen dutena eta aurreko bidaietan bizi izandako esperientziak utzitako zapore gozoa berriz ere dastatze aldera, aurtengoan ere bisita berria egin nahi izan dute. Bidaia honetan gozatzeko eta gauza asko ikasteko aukera izan dutela aitortu digu taldeko kide batek: "Motorzale askoren ametsa egunen batean desertuan barrena dunetan ibiltzea da eta guk bidaia honetan esperientzia hori gozatu ahal izan dugu. Hemen inguruan ez ditugu horrelako lekuak eta aukerak daudenean aprobetxatu egin behar dira. Era berean beste gizarte eta beste kultura bat ikusteko ere balio izan digu bidaiak eta egia esan motor gainean ibiltzen asko gozatu dugun arren, bertako bizilagunekin partekatutako momentuekin geldituko nintzateke".

15 egunetarako zuten plana garbia zen. Egun argiz, ahalik eta kilometro gehien egin, leku eta paisaia ezberdinak bisitatuz eta iluntze aldera atseden hartzeko ostatu bat bilatu ondoren, inguruko bizilagunekin elkartu eta beraien ohiturak ezagutzen pasa dituzte bi asteak. Motorrak materiala eramateko leku mugatua dauka eta hamabost egunak igarotzeko arropa eta material beharrezkoa soilik eramatea oso garrantzitsua dela azpimaratu dute: "Motorra ez da autoa; daukazun lekua eta eraman dezakezun pisua oso mugatuak dira. Motorrerako herramientak eta arropa justua bakarrik eraman behar dira horrelako bidaia batetara". Horrenbeste kilometro eginda arazo mekanikoak izaten dira baina arazo mekanikoak baino osasun arazoak garrantzitzuagoak direla nabarmendu dute:"Orokorrean zorte asko izan dugu, guretako batek egun txar bat pasatu zuen arren, zorionez susto batean gelditu zen guztia eta gainontzeko egunak arazo handirik gabe igaro ahal izan ditugu".

Abentura baino askoz gehiago

Bidaia honetan abentura eta pasioa uztartu dituzten arren, elkartasun bidaia bat ere izan dela aitortu digu ordezkari batek: "Aurreko urteetan konturatu ginen behar handia duen jendea dela orokorrean eta hori ikusirik, aurtengoan bakoitzak bere maletan arropa ezberdinak ekarri dizkiegu. Marokoko lekurik behartuenetan utzi ditugu eta ikaragarria da horren baliabide gutxi izanda, eskaintzen dizuten laguntasuna. Horrelako opariak jasotzean jartzen duten aurpegiak bihotza ukitzen dizu".

Oporretan gertatu ohi den bezala bi asteak ziztu bizian igaro direla onartu diguten arren, irribarre handi batekin itzuli dira etxera lau gazteak, pertsonalki gozatu bai, baina gozatu arazi ere egin dutelako.

0 iritziak
Javier Villar, Julen Etxezarreta, Ion Losada eta Eneko Madina bidaiako irudi batean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario