miércoles, 24 de abril de 2013

'Nax eta bere laguntzaileak'

Urgain eskolako ikasleen ipuinekin osatutako 'Nax eta bere laguntzaileak' liburu-DVD-a, kalean


Api. 24, 2013, 7:37 p.m. Txomin Madina

Atzo herritarren aurrean egindako ekitaldian aurkeztu zuten Oñatiko Urgain eskolako ikasleek idatzitako ipuinak jasotzen dituen 'Nax eta bere laguntzaileak' izeneko liburua. Ez da liburua bakarrik: DVD-a ere badu, eta bertan liburuko hamar ipuin kontatzen dira zeinuen hizkuntzan.



BIDEUA IKUSI   iazko Liburuaren Egunean erein zen haziak eman du bere fruitua: orduan sortu zen Oñatiko Urgain eskolan ikasleek egindako ipuinekin liburu bat egiteko ideia, eta urtebete geroago, liburua kalean da dagoeneko.



Nax eta bere laguntzaileak da liburuaren izena eta bertan 26 ipuin daude, horietako 24 Lehen Hezkuntzako laugarren mailako neska-mutikoek egindakoak dira. Euren irudimenetik era guztietako ipuinak irten dira: batzuk fantasia dute oinarri, beste batzuek futbola edo baserriko kontuak, esaterako. "Irakurri ohi dituzten fantasiazko liburuen antzerako ipuinak idatzi dituzte batzuk; beste batzuk aldiz, euren egunerokotasunarekin lotutakoak. Robotik eta horrelakorik baina, ez da liburuan" dio liburuaz berba egiterakoan ekimenaren bultzaileetako bat izan den Ane Aizpeurrutia irakasleak.



Ez da motza izan liburua eskuartean izan arte egin behar izan dute bidea, baina Aizpeurrutiak ikasleek izandako jarrera azpimarratu du: "Itzela izan da erakutsi duten motibazioa". Liburua argitaratzeko dirua lortzeko, Gabonetan bi azoka jarri zituzten.



DVD-a ere bai

Liburua baina ez dator bakarrik, DVD bat ere badakar. Liburuan dauden ipuinen aukeraketa bat jasotzen du DVD-ak, baina berezitasun batekin: zeinuen hizkuntzan kontatuta daude ipuinok. "Zeinuen hizkuntzan interprete den Arantxa Martinek esan zigun ea zergatik ez genituen ipuinak zeinuen hizkuntzara egokitzen. Hori egitea erabaki genuen eta bere eta beste hainbaten laguntzarekin egokitu dugu ipuinen aukeraketa bat" azaldu du Ane Aizpeurrutiak. Kontaketa zeinuen hizkuntzan egiteko, herriko hiru gorrek (Jesus Arzuagak, Mercedes Pascualek eta Gaizka Urteagak) hartu zuten parte besteak beste. Aizpeurrutiaren esanetan neska-mutikoei beste errealitate bat ezagutzeko aukera eman die honek, eta zeinuen hizkuntza ikasteko ikastaro baten ere hasi dira euretako batzuk.



Behin liburua-DVDa aurkeztuta, egubakoitzera arte eskuragarri egongo da Urgain eskolako Errekaldeko gunean, eta Txandaren hainbat dendetan salgai jartzeko asmoa ere badago.



Honetaz guztiaz gainera, maiatzaren 11arako ekimen berezi bat prestatzen dabiltza liburu-DVD-a diruz lagundu duen Txandaren ekimenez: neska-mutikoek eurek idatzitako ipuinak kontatu eta antzeztuko dituzte kalean, herriko hainbat puntutan.



No hay comentarios:

Publicar un comentario