Lehen postua garaipenarekin ospatu dute
Api. 27, 2013, 10:20 p.m. Imanol Gallego
Ezin zaie gehiago eskatu! Pase bikainak, saskiratzeak, hirukoak... Zubikoak gogotik disfrutatu du. Pas Pielagos taldearen ahaleginek ez dute Natra Oñati kikildu eta jarraitzaileei eskaini nahi zioten 92-83 garaipena lortu dute.
PARTIDUKO ARGAZKIAK
OSPAKIZUNEKO ARGAZKIAK
Partidu ondorengo ospakizuna |
Azkena, berezia eta merezia. Denetik izan du gaurko partiduak. Natra Oñatik aurreko jardunaldian lehen postua eskuratu arren, ez zuen partidua irabazi. "Aurreko astean emandako itxura txarrari buelta ematera irten gara", dio Eneko Blancok.
Esan eta egin, atsedenaldira iritsi arte bi taldeak parekatuta ibili dira. Pas Pielagosek bere jokalari onenak ekarri ditu Oñatira eta soilik zortzi jokalarirekin Natraren jokoa indargabetu du. Hala ere, etxekoek argi zuten garaipena etxean gelditu behar zela, eta atsedenalditik bueltatu bezain laster hasi dira markailuari buelta ematen.
Kintanaren hirukoek eta Natrak behin eta berriro egindako eraso bizkorrei esker abantaila hartzen hasi dira, eta azken zatian 15 puntuko abantaila izatera iritsi dira. Oso porrokatua izan den partidu baten ostean, Zubikoako zaleek merezi zuten garaipenarekin ospatu dute lehen postua.
Orain play-offetara
Blancoren mutilek ospakizunetarako denbora gutxi izango dute. Igoera fasea hilabete barru izango da eta entrenatzaileak astelehenean berriro lanean nahi ditu. Erronka ez da erraza izango eta ziurrenik Natra Oñati talde ahulena izango da, baina sorpresa ematera irtengo dira oñatiarrak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario